Zarauzko EH Bilduk herrian Hizkuntza Eskola Ofiziala zabaltzeko konpromisoa hartu du, eta datorren legealdirako ezarri asmo duela adierazi du. Alderdiko ordezkarien esanetan, herritar askoren aspaldiko eskaera da eta "ezinbesteko" zerbitzua dela iritzi diote.
Zentzu horretan, Ainara Landa koalizio abertzaleak udal hauteskundeetara aurkeztu duen zerrendako hirugarren hautagaiak salatu du egungo Udal Gobernuak ez duela urratsik egin Zarautzen Hizkuntza Eskola izateko "EAJk 2019ko udal hauteskundetara proposamen gisara eraman bazuen ere". Hari beretik, Landak dio agerian geratu dela Udal Gobernuak "beste lehentasunak batzuk" batzuk dituela: "Ez dugu ulertzen zergatik ez den urte hauetan guztietan pausurik eman norabide horretan. Borondate politiko kontua da, eta ez da egon horretarako asmorik".
Hori horrela, EH Bilduk agindu du urratsak egingo dituela Zarautzek Hizkuntza Eskola izan dezan eta horretarako Eusko Jaurlaritzarengana joko duela iragarri du beraiena delako eskumena. Gainera, proposamen argia helaraziko diotela ere adierazi du, dagoeneko aztertu dutelako zerbitzua non kokatu: "Lizardi institutuaren ondoko anbulatorio zaharra birgaituz gero, Hizkuntza Eskola ezartzeko leku egokia litzatekeela uste dugu eremua eta eraikina Jaurlaritzarena delako. Dena den, Zarauzko beste azpiegitura batean kokatzea ere begi onez ikusiko genuke."