Ia milioi bat euro jaso ditu udalak Hiribusaren flota elektrifikatzeko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko maiatzaren 3a

Hiribusa (Zarauzko Udala)

Europako funtsetatik lortu du dirulaguntza eta hiru autobus elektrikoren erosketa eta horiek gordetzeko autobus biltegian egin beharreko eraberritze lanak finantzatzeko balioko du.

Zarauzko Udalak 934.400 euroko dirulaguntza jaso du Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik hiribusaren flota autobus elektrikoengatik berritzeko. Xabier Txurruka alkateak nabarmendu duenez, Europaren oniritzia jaso du udalak aurkeztutako eskaerak eta, hala, eskatutakoaren "%100a" jasoko dute.

Txurrukak zehaztu du, halaber, dirulaguntzarekin aurreikusitako gastuaren erdia ordainduko dutela; izan ere, 1.908.130 eurokoa da aurrekontua, guztira. Kopuru horrekin, hiru autobus elektriko erostea eta horiek gordetzeko biltegian egin beharreko egokitzapenak (karga guneak, baterien biltegiratzea...) egitea aurreikusi dute.

Hori bai, Zarauzko Udalak azaldu du autobus elektrikoen egungo eskaria handia denez, horiek erosteko itxaron denbora urtebetetik gorakoa dela, eta, ondorioz, autobus hibrido berri bat erostea aztertzen ari dela zerbitzua ematen duten ibilgailuetako bat ordezkatzeko. Horren harira, udalak zehaztu du Hiribusaren zerbitzuaren lizitazio berrian ari dela lanean, eta udazkenean esleitzea aurreikusten duela.

Ia 5 milioi

Udalak Europako funtsetatik jasoko duen azken laguntzarekin, ia 5 milioi euro izango dira orotara aipatu Next Generation laguntza lerrotik jasoko dituenak; izan ere, aurrez, beste 1.042.758,46 euro jaso ziteun Villa Nuria Arrate Iciar eraikina birgaitzeko eta beste 3 milioi Santa Klara komentua birgaitzeko eta eraberritzeko.

Hiribusari lotuta, era berean, zerbitzua ematen duten gidariek Bide-Estresa Saihesteko Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun sailaren prestakuntza- ikastaroan hartuko dute parte. Eskainitako zerbitzua hobetzea eta herritarrei gehiago hurbiltzea da ikastaroaren helburua.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide