Hiribus elektrikoak erosteko Next Generation funtsetako dirulaguntza eskatu du udalak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urriaren 4a

Poloniako autobus elektriko bat. (Zarauzko Udala)

Hiru autobus elektriko eta horiek mantentzeko behar den azpiegitura ezartzeko eskatu du Europar Batasunaren dirulaguntza udalak. Proiektuak 1.908.130ko aurrekontua du, eta kopuru horren %49aren eskaera egin du.

Zarauzko hiribusaren flota autobus elektrikoengandik aldatzeko helburuz, Europar Batasuneko Next Generation funtsetako deialdira aurkeztu da udala. Zehazki, 934.917 euroko dirulaguntza eskatu du europar funtsetara, eta aurreikusi ditu hiru autobus elektriko eta horientzako karga gune nahiz baterien biltegiratzea. Denera, 1.908.130 euroko aurrekontua izango luke proiektuak.

Autobus elektriko horiek erostea posible izango balitz, udalak aurreikusi du urtebete inguruko epean jarriko liratekeela martxan. Horrez gain, gaur egun Zarauzko hiribusak kudeatzeko indarrean den esleipena urtebete barru amaituko da eta, beraz, esleipen berrirako pleguak prestatzeko prozesua laster hasiko dela iragarri du udalak. Prozesu horretan zerbitzuak etorkizunean izango dituen ibilbideak aztertuko dituzte, "aurreko urteetako esperientziatik abiatuta eta gure herriaren etorkizuneko beharrak kontuan hartuta", azaldu du Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak. Deialdira "ondo landutako proiektua" aurkeztu dutela ere gaineratu du Basurkok, eta "Next Generation funts hauek eskuratzeko aukera" izango dela espero du. "Honela, ingurumenarekin errespetuzkoa eta jasangarriagoa izango den mugikortasunaren bila aurrera pauso garrantzitsua emango genuke".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide