Udal eta foru hauteskundeak 2023

"Onena iristeko" dagoela sinesten duen taldea aurkeztu du Zarauzko EAJk udal hauteskundeetarako

Mireia Galarza Bastida 2023ko api. 29a, 14:33

Atzo aurkeztu zuen Zarauzko EAJk datorren maiatzaren 28ko udal bozetarako hautes zerrenda. Xabier Txurruka EAJko Zarauzko alkategaiaren arabera, herriak "nabarmen" egin du aurrera azken zortzi urtetan, eta lanean jarraitzeko "prest eta gogoz" agertu dira aurrerantzean ere, "herriarekin konprometitutako taldea" osatuta.

Zarauzko EAJk atzo, ostiralez, aurkeztu zuen datorren maiatzaren 28ko udal bozetarako hautes zerrenda. Xabier Txurruka zerrendaburuak, Joakin Landa Zarauzko Uri Buru Batzarreko presidenteak eta Maria Eugenia Arrizabalaga foru bozetarako EAJren Deba-Urola barrutiko zerrendaburuak gidatu zuten Lege Zaharren enparantzan egindako aurkezpen ekitaldia, eta bertan izan ziren Zarauzko zerrenda osatu duten kideak. Hainbat herritar ere joan ziren aurkezpenera. Landak aurkeztu zituen bi hautagaiak, eta garbi adierazi zuen, bai batak eta bai besteak "esandakoa bete" egingo dutela datozen lau urteetan.

EAJko Zarauzko alkategaiak azaldu zuenez, herriak "nabarmen egin du aurrera azken zortzi urtetan". Izan ere, bere hitzetan, "bultzada baten premian" zegoen herria EAJ udal gobernura iritsi aurretik. Jarraian, egindako lanak ere azaldu zituen Txurrukak: Torreoiaren berritze lanak, ibilgailuen azterketa teknikorako zentroa, Azken Portu eta Vista Alegreko igogailuak eta herriko gazteei zuzendutako etxebizitzen sustapena, besteak beste. Hainbat datu ere eman zituen Txurrukak atzoko aurkezpenean. Azpimarratu zuen Zarautz dela Espainiako Estatuan hirugarren munduko garapen proiektuetara laguntza gehien bideratzen duen lehen herria, %1,1arekin  -%0,7a da bataz bestekoa-. "Beharra dagoen bitartean laguntzen jarraituko dugu", azpimarratu zuen segurtasun osoz.  

Bere ustez, EAJri esker eman du egoerak "buelta" Zarautzen, eta "dagoeneko jarrita dago denen artean etorkizun partekatu, seguru eta oparo bat izateko hazia". Zarauzko alkatearen hitzetan, gainera, "onena iristeko" dago. "Erabakiak hartzen jarraitzeko prest gaude. Zarautz zaindua, txukuna, ekintzailea eta abegikorra izatea nahi dugu. Etorkizun oparoa izango duen Zarautz batekin amesten dugu, inor atzean utzi gabe", gaineratu zuen. 

Aipatutako helburuak lortu eta "aurrera egiteko", "herriarekin konprometitutako taldea" aurkeztu zuten atzo Lege Zaharren enparantzan. "Ilusioz beteriko zerrenda da, eta gazteria indartsu dator, hautagaitza biziberritzen eta gaztetzen duten aurpegi berri askorekin", amaitu zuen Txurrukak. 

Honako hau da Zarauzko EAJren udal hauteskundeetarako zerrenda, aurkezten diren hurrenkeran: Xabier Txurruka, Irune Urbieta, Iban San Martin, Naiara Mendivil, Leire Arana, Estibaliz Agirre, Iker Basurko de Miguel, Garbiñe Oiarbide, Jesus Arana, Gervasio Gabirondo, Iratxe Zorrozua, Koldo Uribarri, Ines Roca, Urko Urbieta, Igotz Zabaleta, Nerea Eguren, Aitor Etxegoena, Miren Letamendia, Amets Martija, Ainhoa Murgiondo eta Gorka Ostolaza. 

"Ezkortasunaren profeten" aurrean, alternatiba

Foru hauteskundeetan Deba-Urola barrutiko zerrendaren buru Eugenia Arrizabalagak ere hitz egin zuen atzo, eta Zarauzko zerrenda osatu duten hautetsien "konpromisoa" nabarmendu nahi izan zuen. "Izan ere, zer da Eusko Alderdi Jeltzalea? EAJ eta gu abertzaleak gara, eta abertzaletasunak bizirik iraungo badu, ezinbesteko osagaia da konpromiso politikoa, eta horrekin batera, balore komunitarioa". Zumaiarraren arabera, EAJren proiektu politiko osoa "Euskadiren nazio eraikuntzan" biltzen da: "Behetik gora eraikitzen da nazioa, herri kontzientziaz jardunez herriz herri. Hori Zarautzen, Altsasun, edo Baionan gertatzen da, herri bereko hautetsiak garelako, abertzaleak garelako".

Arrizabalagak, aldi berean, herrigintzan aritzeko erabakiak hartzea "ezinbestekoa" dela gaineratu zuen, baita erabaki horietan asmatzea ere. "EAJk urte pila bat daramatza horretan, hainbat erabaki hartu behar izan ditu urteetan, eta erabaki horietako batzuk estrategikoak, gainera. Eta horretan ere asmatu egin du EAJk". 

Bi eredu daudela ere esan zuen: "EAJrena, bata, herria errespetatzen duena, herriaren eskutik lan egiten duena, ekonomiaren garapena eta justizia soziala bilatzen dituena, inor atzean uzten ez duena; bestea, beste batzuena, ezkortasunaren profeten eredua. Ikusi zen 2011etik 2015era nola agindu zuten, eta izan genuen teoria praktikara eraman eta zer zen ezagutzeko aukera. Datozen hauteskundeetan bi horien artean erabaki beharko dute herritarrek", azaldu zuen gogor.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide