Zarauako Arrosadian egin du Zarauzko PSE-EEk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako lehen hautagaiak aurkezteko ekitaldia. Orain hilabete batzuetatik jakina zen gaur egungo Parekidetasun Saileko buru Gloria Vazquez izango zela alderdi sozialistaren alkategai hauteskunde hauetan. Gaurko ekitaldian hurrengo lau postuetan joango diren hautagaiak aurkeztu nahi izan ditu alderdiak. Inaxio Illarramendi, Arantza Zubizarreta, Aritz Landaburu eta Carmen Fernandez izango dira zerrendako buruak Gloria Vazquez alkategaiarekin batera.
Alkategaia izan da hitza hartzen lehena eta adierazi du duela bost hilabete aurkeztu zuela bere hautagaitza Zarauzko alkate izateko. "Zarautz herriko harrotasunak eta nagusikeriak ekiditeko apaltasunak" gidatuko duela azaldu du Gloria Vazquezek. Gogoratu du 16 urte daramatzale "apaltasun berarekin zarauztarren alde lan egiteko".
PSE-EEren zerrendako lehen postuei buruz hitz eginez, taldeak aldi berean "gaztetasuna eta esperientzia" dituela nabarmendu nahi izan du Gloria Vazquezek. Goraipatu du taldekide guztiak zarauztarrak direla. "Lehen –gatazkako urteak gogoratuz– zerrendak osatzeko sailtasunak ditugu, baina denborak aldatu dira eta oraingoan arazorik ez dugu izan". Horren adibide bezala jartzen du jende gaztea ere hurreratu dela azken urteotan alderdi sozialistara, zerrendan goi postuetan doazen Inaxio Illarramendiren edo Carmen Fernandezen kasu.
Vazquezek nabarmendu nahi izan du alderdi sozialistaren zerrenda osatzen duten guztiak "hurrengo legegintzaldia zuzentzeko helburuarekin duten onena emateko lan egin duten gizon eta emakumerik onenak" direla.
PSE-EEren zerrendan bigarren postuan joango den Inaxio Illarramendik hartu du jarraian hitza. Kirola "pasio" duen 24 urteko zarauztar bezala definitu du bere burua. Deustuko Unibertsitatean ikasitakoa, iaz hasi zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Sailean lanean. "Esperientzia ahaztezina izan zela adierazi du Illarramendik, eta udal hauteskundeetarako zerrenda horretan egoteaz "harro" dagoela ere gaineratu du. "Zarautz hobetzeko nire aletxoa jarri nahiko nuke", esan du.
Arantza Zubizarreta joango da zerrendako hirugarren postuan. Jaiotzez zarauztarra izan ez arren, 30 urtetik gora daramatza herrian, eta dagoeneko ia zarauztar sentitzen dela azaldu du. Lizardi institutuan 39 urtez irakasle izana, asko ezaguna da herrian.
Zerrendan laugarren joango den Aritz Landaburuk, berriz, Kazetaritza ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta Radio Euskadin edota Balentziaga Museoan egin du lan. Azken honetan bisita gidatuak eskaintzen zituen, eta haren bidez ezagutu zuen Denis Itxaso, aldundiko Kultur Diputatua bere garaian. Haren bidez hasi zela aldundian lanean, gogoratu, "Kultura eta Kirol Saileko prentsa arduradun gisa". Aldundian egindako lau urte horietako esperientzia "oso ona" izan zela azaldu du, eta alderdi sozialistaren zerrendan Gloria Vazquez laguntzeko asmoarekin sartu dela azaldu du.
18 urteko Carmen Fernandez joango da zerrendako bosgarren postuan. Musika eta dantza maite dituen gaztea "pasioak" gidatzen duela adierazi du gaurko ekitaldian. "Nik uste dut gauzak pasioarekin egin behar direla, eta ikusi dut Gloriak esfortzu eta pasio handiarekin egiten duela lan".
"Irabaztera!" esanaz amaitu dute gaurko ekitaldia Zarauzko alderdi sozialistako kideek.