Hiru egun besterik ez dira geratzen igandean jokatuko den Mahasti Krosaren laugarren edizioan izena emateko; zeren eta bezperan itxiko dituzte online inskripzioak. Parte hartu nahi dutenek, beraz, larunbateko 12:00ak arteko epea dute lasterketan izena emateko. Edonola ere, lasterketa egunean bertan ere izango da izena emateko aukera. Hiru euro garestiago, hori bai. 15 euro balioko ditu inskripzioak orduan.
COVID19ak eragindako pandemiak behartutako etenaldiaren ondorioz, azken bi urteetan ez da lasterketa egin, eta bueltan den honetan, 7,2 kilometroko ohiko ibilbidea berreskuratuko dute: Talaiberri txakolindegitik abiatuko dira korrikalariak 10:30ean eta Mollarriko kargadorera jaitsiko dira lehendabizi. Ondoren, mahastira igoko dira, eta bertako lur-sailetan zehar igaro ondoren txakolindegira itzuliko dira; izan ere, bertan izango dute helmuga.
Sariak, berriz, lehenengo hiru emakumeek nahiz gizonezkoek jasoko dituzte: garaileentzat txapela, Manu Urbietaren eskultura eta irabazlearen pisua adina Talai Berri txakolin botila; bigarren sailkatuentzat, Manu Urbietaren koadroa eta sei botilako Talai Berri txakolin kaxa; eta hirugarren sailkatuentzat, Manu Urbietaren koadroa eta hiru botilako Talai Berri txakolin kaxa. Horrez gain, lasterketan parte hartzen duten guztiei Antton Olariagak diseinatutako kamiseta eta Talai Berri txakolin botila bana oparituko zaizkie.
Pintxo eta txakolin dastaketa ere bai
Antolatzaileek jakinarazi dute, gainera, lasterketaren ondoren "goi mailako elikagaien" datsaktea eskainiko dietela korrikalariei zein bertaratutako ikusleei. Hala, Talaiberri txakolina edan ahalko dute, baita eusko label pintxoak jan ere. Euro bateko balioa izango dute txakolin kopa eta pintxo bakoitzak eta bildutako diruarekin Eusko Label produktuak erosiko dira Zarauzko Caritas-ek zarauzko familien artean banatu ditzan.