Ene Kantak taldeak martxoaren 5ean eskainiko du 'Emozio festa!' antzezlana

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urtarrilaren 18a

Ene Kantak taldeko kideak. (Ene Kantak)

Igande honetan egitekoa zuten emanaldirako sarrera erosia zutenek sarrera berarekin joan ahalko dute hitzordu berrira. Dirua bueltan jasotzea nahiago dutenek, berriz, izango dute horretarako aukera ere.

Zarauzko Udalak atzo jakinarazi zuen Ene Kantak taldeak igande honetan eskaintzekoa zuen Emozio festa! haurrentzako antzerkia bertan behera utzi behar izan dutela osasun arrazoiak tarteko. Bada, dagoeneko iragarri dute emanaldirako data berria: martxoaren 5ean egingo dute ordu eta leku berean, 16:45ean, Modelon, alegia.

Data berria zehaztearekin batera, udalak jakinarazi du igande honetako saiorako sarrera erosi zuten herritarrek sarrera berarekin joan ahalko dutela hitzordu berrira. Aldiz, dirua itzultzea nahiago dutenek kultura sailarekin harremanetan jarri beharko du kultura@zarautz.eus helbidera idatzita edo 943-00 51 20 telefono zenbakira deituta.

Halaber, haurrak igande honetan eurentzako eskaintzarik gabe geratu ez daitezen Yoko oporretan animaziozko filma emango dutela ere jakinarazi du udalak. Euskaraz botako dute 16:45ean hasita.

Aipatutakoaz gain, beste aldaketa baten berri ere eman du kultura sailak, apirilaren 30erako iragarri zuten Chatungla emanaldia apirilaren 23ra aurreratu baitute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide