ELA eta LAB sindikatuek salatu dute Zarauzko ordezkari politikoek udal langileen eskubideak murrizteko erabakia hartuko dutela gaur. Izan ere, erretiro aurreratuaren gaineko pizgarriak kentzea onartuko dute ohiko udalbatzarrean.
Gauzak horrela, oso kritiko azaldu da ELA udal ordezkariek erabakia arrazoitzeko baliatu duten txostenarekin, argudiatu baitute estatuaren eskumen esklusiboa dela ordainsariena. Horren aurrean, sindikatuak gogoratu du Zarauzko udalbatzarrean onespena duela euskal udaletako erreferentziazko hitzarmena den UDALHITZ akordioak, eta hausten ariko liratekeela aurretiazko erretirorako ordainsariak kenduta. Zentzu horretan, Euskadiko Udalen Elkartean (EUDEL) ordezkatuta dauden EAJ, EH Bildu eta PSEri egotzi die akordioa ez errespetatzearen ardura beste udal batzuetan ere antzeko erabakiak hartu dituztelako.
Gainera, egonkortze prozesuekin ere antzera jokatzea leporatu diete eta, ondorioz, negoziaketa-guneak urrutiratu eta ardurak zuritzea. Hori horrela, atzera egin eta hitzarmena bere osotasunean betetzea eskatu die Zarauzko udaleko udalbatza osatzen duten alderdi guztiei.
LABek, bere aldetik, protesta egingo du aurkakotasuna adierazteko. 19:30ean Lege Zaharren enparantzan biltzeko deia egin du ondoren pleno aretora sartzeko. 19:00etan hasiko da plenoa, baina zortzigarren puntua da udal langileen desadostasuna eragin duena.