Judith Otazua eta Jon Unzueta izan dira Bikote Mistoen Kroseko garaileak

Aritz Mutiozabal 2022ko abenduaren 4a

Judith Otazua eta Jon Unzueta helmugaratzen. (Aritz Mutiozabal)

Guztira, 550 bikote hartu dute irteera gaur goizean, 7,5 kilometroko ibilbidea osatzeko herrian barna. Zarauztarren artean, Iratxe eta Agosti Aranburu anai-arrebak izan dira nagusi.

Aurpegi berriekin antolakuntzan eta ibilbidean aldaketekin jokatu da gaur goizean Bikote Mistoen 43. Krosa. Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren, Zarauzko proba klasikoa antolatzeko lekukoa eta erronka hartu du Zarautz Rugby Taldeak, eta parte hartzeari dagokionez, erantzun bikaina jaso dute. Izan ere, 550 bikotek hartu dute gaurkoan irteera Aritzbatalde kiroldegi paretik; nolabait ere, pandemia aurreko edizioetako partaidetza kopurua izan da. 

Azken urtetako erreferentziarik ezean, faboritorik ez zen aurreikusten hasiera batean irteera lerroan. Lasterketan hasi bezain pronto, ordea, Judith Otazua gernikarrak eta Jon Unzueta durangarrak osatutako bikoak erritmo bizia jarri dute eta buru jarri dira berehala. Haien lorratza jarraitzen ahalegindu dira Aratz Rodriguez eta Martin Amilibia zumaiarrak eta Ainara Urrutia eta Igor Olalde aretxabaletarrak, baina lehen itzuli txikirako tartean nabarmen zabaldu dute. Azkenean, hurrunkera horretan helmugaratu dira Lege Zaharren enparantzan.

Zarauztarren artean, Iratxe eta Agosti Aranburu anai-arrebak izan dira bizkorrenak, sailkapen orokorrean bosgarren postuan iritsita; aurrekaldeko multzo horretan aritu dira borrokan, eta azken txanpan erakustaldi polita eman dute. Gustura eta hunkituta bukatu du bikoteak.  Honakoa ez dute lorpen hau erdiesten duten lehen aldia, baina gaurkoa berezia izan dela aitortu du Iratxek. Izan ere, azken urteetan antolakuntzan aritu da, Txumai Fernandezekin eta Zarauzko Emakume Korrikalariekin batera, eta aurten kaleko animoak sentitu ditu. Zarauztarren podiuma ondorengoek osatu dute: Elisabete Garate eta Jeronimo Esnalek, bigarren postuan; eta Josune Zabala eta Alex Ostolaza ama-semeak, hirugarren tokian.

Lasterketa amaieran, parte hartzaile guztientzako mokaduak banatu dituzte Zarautz Rugby Taldeko kideek eta egundoko giroa sortu da Lege Zaharren enparantzan. Oro har, proba osoan zehar egon da ikusmina, herritarren animoekin eta txalo zaparradekin, dela irteeran dela kaleetan. Herrian faltan botatzen zen Bikote Mistoen Krosa, eta abiatu da.

Erlazionatuak

Irudietan: Bikote Mistoen 43. Krosa

Aritz Mutiozabal 2022 abe 04 Kirola

Gaztetxoek ere bikoteen krosa egin dute

Aritz Mutiozabal 2022 abe 04 Kirola

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide