Alaitasunez ekin diote Euskaraldiari herritarrek. Batera jarri zituzten Ahobizi eta Belarriprest txapak atzo arratsaldean Merkatu Plazako lehen solairuan. Ongietorri ekitaldia Lege Zaharraren enparantzan egin behar zuten hasiera batean, baina eguraldia tarteko aterpera jo zuten azken orduan.
Aurkezle lanetan aritu zen Imanol Epeldek gidatu zuen ekitaldia, baina hainbat artista izan zituen bidelagun: lehenik eta behin, Zarauzko Euskaraldiaren koordinatzaile Eder Iturralde eta Zarauzko Euskara Batzordeko kide Marije Zumeta igoarazi zituen oholtzara Euskaraldiko manifestua irakurri zezaten. Jarraian, Julen Portillok umorea jarri zion saioari bakarrizketarekin, eta barre algaren ondoren, Euskaraldiko abestiarekin koreografia dantzatu zuten Marian Galarragak eta Lorena Garciak markatutako pausuei segika. Elkarrekin abesteko tarterik ere izan zen, antolatzaileek Nahikari Gabilondo bertsolariak 2018ko Euskaraldirako egindako bertso sortatik bat aukeratu zuten eta paperean banatu zieten bertaratuei oholtza gainera igo zen bertsolaria lagundu zezaten. Amaitzeko, Umblenble eginez txapa jartze bateratua egin zuten.
Argazkiak: Aritz Mutiozabal