Caceresekoa (Espainia) sortzez, Kataluniarra izatez, Carmen Calzas Azpeitian bizi da duela 30 urtetik. Euskal Herrira iritsi berritan hasi zen euskara ikasten, eta ordutik, euskara ikasteko eta hobetzeko prozesuan dago murgilduta. Izan ere, euskaltegietan hainbat ikastaro egin ditu, eta mintzapraktika talde bateko kidea ere bada. Euskararekin izan duen harremanaz, euskararekin izan duen bizipenaz eta euskarak urteotan eman dion guztiaz hitz egin du hark Julene Frantzesena kazetariarekin.
Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) Euskaraldia dela-eta osatu duen Euskara arnas seriearen barruko ikus-entzunezkoetako lehen protagonista da Calzas. Datozen egunetan –Euskaraldiak irauten duen bitartean, egunero– UKTk argitaratuko dituen euskaldunberriei egindako elkarrizketetako aurrena da honako hau, eta datozen egunetan eskualdeko gainerako herrietako protagonista banaren bideoak argitaratuko ditu taldeak. Gainera, Urola Kostako Hitza egunkarian euskarari lotutako hainbat erreportaje irakurri ahal izango dira datozen asteetan.