Euskaraldiko txapa janzte bateratua egingo dute ostiralean

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 15a, 17:10

Igandean malekoian jarri zuten mahaia, plaieroak jotzen zirela kontuan izanda. (utzitakoa)

Irekiera ekitaldia Lege Zaharren enparantzan izango da, 18:00etan hasita. Oraindik txapak banatzeko eta izena-emateko mahaiak irekita daude herriko hainbat tokitan.

Hitzez ekiteko garaia lelopean, ostiralean ekingo zaio Euskaraldiaren hirugarren edizioari, eta bi astez, abenduaren 2a bitartean, hizkuntza erabileran eragitea izango du xede Euskal Herri osoan egingo den ariketa sozial eta kolektibo honek. Batzuk Ahobizi moduan, eta beste batzuk Belarriprest gisa.

Euskaraldiaren hasierarekin batera, eta beste hainbat herritan bezala, Zarautzen txapa janzte bateratua egingo dute ostiralean bertan. Horretarako ekitaldia antolatu dute, 18:00etan, Lege Zaharren enparantzan; eguraldi txarra egingo balu, Merkatu plazara lekualdatuko lukete.

Julen Portilloren umorezko saioarekin hasiko da saioa, eta ondoren, Lorena Garciak eta Marian Galarragak gidatuta, Euskaraldiko abestiaren koreografia egingo dute. Ekitaldia biribiltzeko, bertaratzen diren herritarrek txapa jarriko dute elkarrekin, eta Nahikari Gabilondok bertsoak kantatzen dituen bitartean.

Txapa banaketa eta izen-emateak
Bien bitartean, Euskaraldiko txapak banatzen eta izen-emateak egiten jarraitzen dute herrian zehar atondu dituzten hainbat mahaitan:

  • Turismo Bulegoa: astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara; larunbatetan 10:00etatik 14:00etara.  
  • Sanz Enea kultur Etxea: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.  
  • Udal Euskaltegia: astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 16:00etara;  ostiraletan, 09:00etatik 15:00etara.  
  • AEK euskaltegia: astelehenetik ostegunera, 10:00etatik 13:00etara.  
  • Euskaraldiko lokala  (gazteleku kanpoan): astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara.  
  • Aritzbatalde kiroldegia: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 11:30era.

Bestalde, AEKalean izango da larunbat goizean Musika Plazan, eta mahaia ere jarriko dute; eta arratsaldean Salbide auzoan izango da, Gaztain Egunean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide