Azaroaren 25a

Indarkeria Matxistari buruzko ostiraleko jardunaldietan parte hartzera deitu dute

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 12a, 14:30

Ezkerretik eskuinera, Edurne Urbieta (Berdintasun teknikaria), Nuria Jimenez eta Gloria Vazquez. (Jabi Gonzalez)

Azaroaren 25ari begira zazpigarrenez antolatu duten ekimenak biktimen erreparazioan sakonduko du aurten, eta Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan egingo dituzte hitzaldiak, mahai inguruak eta abarrak. Bestalde, udalak iragarri du monolito bat jarriko dutela indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei aitortza egiteko Belauntzaren plazan. Hilaren 26an egingo duten ekitaldian inauguratuko dute.

Zarauzko Udalak Indarkeria matxistari buruzko VII. jardunaldietan izen ematera deitu zituen emakumeak atzo, egitaraua aurkezteko Emakumeen* etxean egin zuten agerraldian. Azaldu zutenez, aurtengo jardunaldiak aurrez aurrekoak izango dira berriro aurrekoak pandemia dela eta online egin ondoren. Dena dela, aurten ere eskainiko dute online jarraitzeko aukera eta dagoeneko 13 lagunek eman dute izena berdintasun departamentutik jakitera eman zutenez. Kopuru orokorra ere eman zuten eta 31 dira parte hartzeko nahia adierazi dutenak.

Halaber, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nzioarteko Egunaren biharamunean, azaroaren 26an, biktimei aitortza egiteko antolatu duten ekitaldian inauguratuko duten monolitoan ere jarri dute azpimarra. Zentzu horretan, Nuria Jimenez atzoko agerraldian parte hartu zuen indarkeria matxistaren biktimak azaldu zuen erakundeekin elkarlanean osatu dutela monolitoa: "Modu zoragarria iruditu zaigu indarkeria matxista jasan duten edota jasaten ari diren emakumeen borroka gogoratzeko eta, aldi berean, erakusteko badagoela zulo beltzetik ateratzea. Ahotsa altxatzera ausartu ez diren emakumeak horretara animatu nahi ditugu, ez daudelako bakarrik eta elkarri lagundu diezaiokegulako". Horrekin batera, erakundeengandik jasotako babesa ere eskertu du Jimenezek.

Azken horren harira, Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak honakoa adierazi zuen: "Erakundeek eta gizarteak biktimak babestu eta ahalduntzen lagundu behar ditugu, beren buruarekiko konfiantza berreskuratu eta beren bizitza berregin dezaten”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide