Udaleko Parekidetasun departamentuak hainbat jarduera –dokumental, antzerki, solasaldi eta abar– antolatu ditu Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan, herritarrak gaiaren inguruan kontzientziatzeko. Urtero bezala, Indarkeria Matxistaren Aurkako Jardunaldiak antolatu ditu, aurten zazpigarren aldiz, eta Zuengatik leloa darama, indarkeria matxistaren biktimen erreparazioa ardatz hartuta.
Azaroaren 18n izango da, 09:15etik 14:00etara, Urola Kostako Udal Elkartearen eraikinean, eta hainbat hitzaldi eskainiko dituzte bertan: Feminizidioa Euskadin eta Espainiako Estatuan: memoria historikoaren eta haren lege-errekonozimenduaren artean, Graciela Atencio kazetari eta aktibistaren eskutik, gaztelaniaz; Non daude indarkeria matxistaren biktimak?, Maitena Monroy fisioterapeuta eta aktibistaren eskutik, gaztelaniaz; Indarkeria matxisten kausak eta eraginak emakume biktimen bizitzetan, Mugarik Gabe erakundearen eskutik, euskaraz; eta Elkarri lotuta bizitzeko eta egoerari aurre egiteko mahai-ingurua, Bizitu, Asociacion Guerrera eta Mugarik Gabe elkartearen eskutik, gaztelaniaz. Jardunaldiari Beatriz Egizabal aktoreak emango dio amaiera Clown Klonklusioak ikuskizunarekin.
Parte hartu nahi dutenek berdintasuna@zarautz.eus posta elektronikora idatzi dezakete edo 943 00 51 17 telefonio zenbakira idatzi.
Elkartze gunea
«Azaroaren 25eko kanpainaren ardatza indarkeria matxista jasaten duten eta pairatu duten emakumeak aitortzea izango da», azpimarratu nahi izan du Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquezek. Izan ere, azken bi urtetan genero indarkeriako kasuen eta sexu erasoen datuek goranzko joera izan dute. 2020an, 33 kasu zenbatu zituzten eta iaz 31; eta sexu-erasoak, berriz, seira igo ziren joan den urtean.
«Bakarrik ez daudela eta egoera horretatik atera daitekeela jakin dezaten nahi dugu». Horretarako, talde berri bat osatu dute Emakumeen* Etxean, psikologo batekin elkartzeko gune bat. «Helburua da amesgaizto horretatik ateratzeko elkarri laguntzea», gaineratu du Vazquezek.
Azaroaren 25ean elkarretaratzea egingo dute Lege Zaharren enparantzan, Zarauzko ikastetxeen parte hartzearekin. Hurrengo egunean, berriz, indarkeria matxistaren biktimak aitortzeko ekitaldia egingo dute Belauntzaran plazan.
Egitaraua
Azaroak 10, osteguna
20:00. Sex sua musikala, Modelo aretoan. Sarrera doan.
Azaroak 18, ostirala
09:15-14:00. Indarkeria Matxistari Buruzko VII. Jardunaldiak, Urola Kostako Udal Elkartean.
Azaroak 25, ostirala
Goizean zehar. Ikastetxeetatik Lege Zaharren enparantzara elkarretaratzea.
20:00. El acusado filma, Modelo aretoan. Sarrera: 5,5 euro.
Azaroak 26, larunbata
13:00. Indarkeria matxistako biktimei errekonozimendua, Belauntzaran plazan.