Euskaraldia gainean da eta Zarauzko Euskaraldiaren Batzordea ere antolaketa lanetan dabil buru-belarri. Une honetan zabalik dago herritarrek izena emateko epea eta datorren asteartetik aurrera, azaroaren 8tik alegia, txapa banaketarekin hasiko dira.
Gaur eguerdian, irailaren 17an abiatu zen Euskaraldiaren gune ibiltariak Zarautzen egin du geldialdia, hamaika herri igaro ondoren. Musika Plazan atondu duten mahaian, hirugarrenez egingo den ariketaren inguruko informazioa zabaldu dute eta izen-emateak biltzen aritu dira, baita Euskaraldirako materiala saltzen ere.
Izena emateko bi aukera daude: batetik, online egin daiteke eta, bestetik, paperean, txapak banatuko dituzten guneetan. Zarautzen Turismo Bulegoan, Sanz Enean, Udal euskaltegian, AEK euskaltegian, Euskaraldiko lokalean eta kiroldegian egingo dute txapa banaketa, asteartetik aurrera, eta oraindik izena eman ez dutenek ere bertan izango dute horretarako aukera. Bestalde, Euskaraldira atxikitu diren entitateek Euskaraldiaren lokalean jaso beharko dute identifikagarria.
GUNEAK ETA ORDUTEGIAK
- Turismo Bulegoa: astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara; larunbatetan 10:00etatik 15:00etara.
- Sanz Enea kultur Etxea: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
- Udal Euskaltegia: astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 16:00etara; ostiraletan, 09:00etatik 15:00etara.
- AEK euskaltegia: astelehenetik ostegunera, 10:00etatik 13:00etara.
- Euskaraldiko lokala (gazteleku kanpoan): astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara.
- Aritzbatalde kiroldegia: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 11:30era.