Irailaren 17an ekin zion bideari Euskaraldiaren furgonetak, Oriotik. Ordutik, Euskal Herriko hamaika herri bisitatu ditu, eta igande honetan Zarautzera iritsiko da; Musika Plazan paratuko dute gune ibiltaria, 11:30etik 14:30era.
Furgonetaren presentziak helburu bikoitza du. Alde batetik, Euskaraldia badatorrela jakinarazi nahi dute bertatik bertara, ariketaren inguruko informazioa emanez eta izen-emateak bilduz; eta, bestetik, Euskaraldia modu sakon eta erosoan egiteko prestakuntzak duen garrantzia zabaldu nahi dute.
Horretaz gain, bertaratzen direnek denda ere topatuko dute, eta Euskaraldirako atera dituzten elastiko, poltsa, jertse eta bestelako materiala probatzeko aukera izango da. Bertan egongo dira banderatxoak ere salgai, etxeetako balkoietan edo entitateetako erakusleihoetan jartzeko.