Datorren astelehenean itxiko da entitateentzat Euskaraldian izena emateko epea

Aritz Mutiozabal 2022ko urr. 25a, 13:30

Euskaraldiaren Arbelean norbanakoak bere erronkak idatzi ditzake. (Mireia Galarza Bastida)

Sanz Enea liburutegian dago egunotan Euskaraldiaren Arbela, eta, ondoren, azaroaren 2ra arte kiroldegiko sarreran jarriko dute.

Hitzez ekiteko garaia lelopean ospatuko da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta euskal herritarrak, eta parte hartu nahi duten norbanakoek euskaraldia.eus webgunearen bidez  eman dezake izena edo herriz herri egingo diren ekitaldietan.

Horrez gain, herriko entitateekin bilerak egin dituzte, euskararen erabilerak duen garrantzia azaltzeko eta ariketa kolektiboarekin bat egin dezaten eskatzeko. Horientzat izena emateko azken eguna urriaren 31 izango da, datorren astelehena, eta horretarako, banatu zitzaien orria Turismo Bulegoan, HAZ Herriko Arreta Zerbitzuan edo Aritzbatalde kiroldegian dauden postontzietan sartu beharko dute.

Bestalde, Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia egin zutenean Zarautzen, beste hainbat gauzen artean, Euskaraldiaren Arbela ere aurkeztu zuten. Zer lortu nahi duzu Euskaraldian? galdera planteatzen du, eta herritarrek hamabost egun horietan zer erronka edo helburu dituzten idatzi dezakete bertan. Aipatu arbela Sanz Enea liburutegian izango da gaur eta bihar, eta, ondoren, kiroldegira eramango dute, azaroaren 2ra arte; jarraian, euskaltegietan egongo da, Euskaraldia hasi bitartean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide