Euskara departamentuaren laguntzarekin, udaleko Immigrazio eta Kultur aniztasun zerbitzuak Euskara Harrera Ikastaroaren ikasturte berriari ekingo dio datorren hilean, eta bertan izena emateko epea zabalik dagoela jakinarazi dute. Horretarako, immigrazioa@zarautz.eus idatzi behar da edo 943-00 51 27 zenbakira deitu, eta 10 euroko matrikulazioa ordaindu.
Azaroaren 3an hasiko dira klaseekin, eta otsailaren 9an amaitu. Ikastaroak 68 orduko iraupena izango du guztira, eta astean hiru aldiz izango dira eskolak: astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan, goizez zein arratsaldez, udal euskaltegian.
“Kanpotik datozen bizilagun berriak euskarara hurbiltzeaz gain, beraien herri berriko baliabide eta zerbitzuen berri ere jasotzen dute: lan arloko eskubideak, atzerritartasuna, zaborrak birziklatzeko sistema, natura ondarea, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna, genero indarkeria eta abar", adierazi du Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziak.
Zarautzen dagoen kultur aniztasunaren isla garbia da, zinegotziaren esanetan, ikastaroetan parte hartzen duten bizilagun berrien jatorria. Iaz Nikaragua, Errumania, Argentina, Peru, Kuba, Maroko eta Senegalgo zarauztarrek hartu zuten parte egitasmoan. Ikastaroa etorri berrientzat pentsatuta dagoela nabarmendu du Zorrozuak eta urtebete baino gutxiago daramatzaten atzerritarrei ematen dietela ikastaroetan parte hartzeko lehentasuna.