Nolakoa izan da zure esperientzia ikastaro honetan?
Hasieran apur bat urduri nengoen, baina baita emozionatuta ere. Entzun gabeko hizkuntza baten aurrean nengoen. Penintsulara etorri aurretik banekien hainbat hizkuntza bazirela, eta hona iritsi nintzenean ohartu nintzen guztiz ezberdina zela, ingelesa edo alemana bailitzan. Oso hizkuntza polita da, eta egunez egun klaseetan ikasten nuenarekin eta jendearekin hartu-emanean, belarrira egiten joan nintzen. Askotan euskaraz esaten dizkidate gauzak eta ulertzen diet zer esan nahi didaten, baina oraindik ez dut lortzen erantzutea.
Baina zerbait esateko gai izango zara dagoeneko...
Poliki-poliki! [Barreak] Oraindik ez dut hitz egiten duzuen guztia ulertzen, baina zantzua harrapatzen dut. Iaz egin nuen nire lehen ikastaroa, eta aurten bigarrenari helduko diot. Egia esan mesedegarria da. Kanpotik zatozenean oinarri-oinarrizkoa bakarrik ikasten du: Kaixo, Egun on, Zer moduz? Ikastaroen ibilita, teorian sakontzen duzu, eta, orduan, hitzen ideia zabalagoa duzu. Hala, jendeari entzuten diozunean, gutxi gorabehera tankera hartzen diozu zertaz ari diren. Ikastaroan hiztegi eta gramatika asko lantzen dugu, eta, zentzu horretan, herritarrekin komunikatzeko lagungarri izan zait.
Herrian integratzeko modua ere bada, ezta?
Hori da, bai. Bertako kulturaren parte bilakatzen zara, eta oso interesgarria da bertako ohiturak ezagutzea. Azken finean, ni hona etorri nintzen kultura ezberdinak ezagutzeko dudan zaletasunagatik. Hasieran beldurra sentitu nuen, baina zerbait ona zetorrela sumatzen nuen zerbait zen. Hemen nago eta ezusteko atsegina jaso dut: Euskal Herriak antzekotasun handia du Guatemalarekin, batez ere naturagatik.
Zure familian, gaztelaniaz gain, jatorrizko hizkuntzarik badakite?
Nire aiton-amonek kaqchikel jatorria dute, baina guk ez dugu hizkuntza hori hitz egiten. Gure zonaldean nolabait galdu egin da, eta turismoaz bizi denez, ingelesera jo dugu. Baina garrantzitsua litzateke egunen batean gure ama hizkuntza berreskuratzea... Badira herrixka batzuk oraindik hitz egiten dutenak, baina tamalez nire familiak ez. Aitzitik, nik euskara ikusten dut hemen nola sustatzen duzuen eta praktikatzen duzuen, eta ikaragarri motibagarri deritzot.