Gaur arratsaldean izango da Euskaraldiaren aurkezpena herrian. Lege Zaharren Enparantzan ziren egitekoak ekitaldia, baina eguraldi txarra tarteko, Gaztelekuan jarri dute hitzordua.
17:30etik aurrera Euskaraldiaren inguruko informazioa nahiz materiala egongo da eskuragarri, arropa ere salgai izango da, eta ariketan izena emateko aukera ere jarriko dute.
Ekitaldia bera 18:30ean hasiko da, eta aurtengo edizioaren nondik norakoak azaltzeaz gain, Euskaraldiaren aurtengo kantua zuzenean eskainiko dute hainbat artistak. Xabier Zabala musikariak konposatu zuen kantua, eta Andoni Egaña bertsolariak jarri zion letra. Oholtza gainean izango dira biak gaur, eta horiek laguntzen ariko dira herriko hainbat abeslari –Eneritz Aulestia, Marina Peral eta Xabier Saldias–, baita Alex Gurrutxaga idazlea ere.
Ekitaldian parte hartuko dute beste hainbat taldek ere: Zumaiako Astindu dantza taldeak, Montetxio abesbatzak eta Motxian Etxebeltz bertsoguneak.