Zerorrek ezarritako marka hobetzen ahaleginduko zara.
Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketan egindakoa da marka, eta txapelketan hiru harri erabiltzen dira. Orain arte inor ez da ahalegindu harri zehatz horrekin hiru minutuan ahalik eta altxaldi gehien egiten, eta gu horretara joango gara gaur.
Nolatan sortu zaizu aukera hau?
Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-k esan zidan, nire entrenatzaileak, sasoi onean nabilela orain, eta hori baliatu behar dugula. Erronka bota zidan, eta animatu egin nintzen.
Ez da erronka makala. Urduri al zaude?
Oraindik ez. Oraingoz, nahiko lasai nago [herenegun egin zen elkarrizketa]. Bihar eta etzi, ordea, gauzak desberdinak izango direla uste dut, nik uste dut egun gogorrak izango direla.
Nolako entrenamenduak egin dituzu gaurkoa prestatzeko?
Horrekin ibili gara [125 kiloko zilindroarekin] denbora guztian. Lan motza da, eta altxaldi asko eskaini behar zaizkio prestaketari.
Marka gaindituko duzula aurreikusten al duzu?
Entrenamenduetan ez ditut altxaldiak hiru minutuz jarraian egiten, hori eginez gero, txikituta geratzen zarelako eta bi astean ez zarelako errekuperatzen. Baina ematen du marka hobetzeko moduan izango garela. Altxaldi bat edo bi behintzat bai, ez dago gehiagorako denborarik eta.
Aurretik halako marka saiakerarik egin al duzu?
Bai. Hiru minututan 100 kiloko zilindro zaharrarekin ahalik eta altxaldi gehien ematen ahalegindu nintzen duela lau urte, Aiako probalekuan. 43 jasoaldi egin nituen orduko hartan.
Oraingoan zilindro berriari egingo dizkiozu altxaldiak. Bietako zein da altxatzen nekezagoa?
Zaharra zilindro-zilindroa da. Heldulekuak badauzka, baina eskuzuloen bolumenak litro eta erdi neurtu dezake gehienez ere. Hori baino bolumen handiagoko zulodun harriak ez dira zilindro zahar kontsideratzen. Teknika aldetik zailagoa da zaharra altxatzen.
Berriari kopa esaten zaio, eta harekin grabitate zentroa aldatzea daukazu zure gorputzaren arabera. Zeuk erabakitzen duzu. Batzuk nahiago izaten dute arrankaeran arina eta gero astunagoa, edota alderantziz. Zeure erara jarri dezakezu.
Harri txikietan zara trebea zu, eta horri helduko diozu gaur.
125 kilokoa harri txikietan sartzen da, bai. Kopa, gainera, harririk errazena da jasotzeko, teknika aldetik.