Marka saiakera egingo du Urrak asteazkenean

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uztailaren 11

Hiru minutuan 125 kiloko zilindro berriari ahalik eta altxaldi gehien ematen ahaleginduko da. Egun indarrean dagoen marka Urrak berak ezarritakoa da, joan den maiatzean egin baitzizkion 37 altxaldi  125 kiloko zilindroari.

Zarauzko Udalak udako asteazkenetan antolatzen dituen herri kirol jaialdien barruan, Mikel Lopetegi Urra harri-jasotzaile zarauztarrak marka saiakera egingo du etzi. Zehazki, 125 kiloko zilindro berriari 37 jasoaldi baino gehiago egiten ahaleginduko da hiru minutuan. Egun indarrean dagoen markarik onena Urrak berak ezarritakoa da, joan den maiatzaren 22an eman baitzizkion 37 altxaldi Gipuzkoako Harri Txikien txapelketan zilindroari.

Marka saiakera Euskadiko Herri Kirol Federazioko epaileek kontrolatuko dute, eta amaieran dopinaren aurkako proba egingo diote.

Jaialdia osatzeko, ZKEko Herri Kirol ataleko kirolariek modalitate ezberdinetan erakustaldiak egingo dituzte, ohi bezala. Hala nola aizkora, txingak, ingudea edota trontza erakustaldiak izango dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide