Zarauzko Bertso Asteak 25. urtea borobilduko du bihartik larunbatera, Motxian-Etxebeltz Bertsogunearen eskutik. Motxian bertso eskola sortzearekin etorri zen Bertso Astea ere, 1997an eta urteen poderioan egungoaren moldea hartu: bertso jarri musikatuak, beste herriko bertso eskkola batekin desafioa eta Txepelketa tabernaz taberna. Maite Aizpurua da egungo antolatzaileetako bat. Beraz gidatu gaitu Zarauzko Bertso Astearen bidean barrena.
Noiz eta nola sortu zen Zarauzko Bertso Astea?
1996an sortu zen Motxian bertso eskola Zarautzen. Argitalpen bat jarri zuten martxan bertsolariei elkarrizketak, bertso-jarriak eta abar argitaratuz eta hurrengo urtean, bat-batekotasunari ikusgarritasuna emateko antolatu zen lehenengo Bertso Astea. Hasiera batean, saioren bat plazan, hitzaldiren bat edo beste eta pixkana pixkanaka forma hartuz eta oraingo eredura etorriaz. Hiru eguneko zikloa antolatzen dugu orain eta halaxe egin dugu aurten ere.
Motxian-Etxebeltz bertsogunearen eskutik dator aurten...
Bi bertso eskola zeuden lehen Zarautzen, Etxebeltz umeena eta Motxian helduena eta iaz erabaki genuen bi bertso eskolek bat egitea eta Motxian-Etxebeltz Bertsogunea sortzea. Geroztik dena elkarrekin antolatzen dugu eta bertso eskolan ere elkarrekin funtzionatzen dugu, eta lokal berean gaude helduen bertso eskola eta umeena (lehen umeena ikastolan zegoen).
Zer dakarzue aurtengorako?
Ostegunean bertso musikatuak izango ditugu. Aurten, 25. urteurrena izaki bertso eskolako kideen sortak kantatuko dira. Gero ostiralean, iaz oriotarren kontra egin genuen desafio eguna, eta aurten Erniarraizkoen kontra ariko gara. Arratsaldean bertso-pilotan eta afalondoan bertsotan. Larunbatean, txepelketa egingo dugu. Parte hartu nahi duen guztiak du libre eta tabernaz taberna izaten da. Bi bertsolarik kantatu eta bat aurrera, final eta guzti.