Euskararen erabilera

Kalean euskara gehien entzuten den Euskal Herriko bigarren eskualdea da Urola Kosta

Anartz Izagirre 2022ko eka. 24a, 09:30

(Argazkia: Soziolingustika Klusterra)

Soziolinguistika Klusterrak egindako neurketaren arabera, 2021ean Urola Kostako elkarrizketen %63,7 izan ziren euskaraz kalean; 2016ko neurketatik puntu bat eta erdi jaitsi da euskararen erabilera, eta 2011tik bost puntu baino gehiago. Lea Artibai da kalean euskara gehien entzuten den Euskal Herriko eskualdea.

Soziolinguistika Klusterrak plazaratu berri ditu 2021eko hizkuntzen kale erabilera datuak, eta ekainaren 22an, asteazkena, Bilbon egin zuten Soziolinguistika Jardunaldian eman zuten horien berri. Hainbat lerroburu utzi dituzte datu horiek, eta besteak beste, Urola Kostako herrietako kaleetan euskararen erabilera jaitsi egin dela baieztatu dute datuok. 2021ean egindako kale erabilera neurketan %63,7 izan ziren euskarazko elkarrizketak Urola Kostan; hau da, 2016tik puntu bat eta erdiko jaitsiera izan da eskualdeko kaleko erabileran, eta 2011tik bost puntu baino gehiagoko jaitsiera –%69 zen erabilera duela hamar urte–.

Bailarako kaleetan aurreko urteetan baino euskara gutxiago entzun den arren, Euskal Herriko eskualde guztiak aintzat hartuta, bigarren postuan kokatu da Urola Kosta euskararen kale erabilera neurketan. Soziolinguistika Klusterraren datuen arabera, Lea Artibaiko kaleetan entzuten da euskara gehien –%76,1 izan da euskararen kale erabilera eskualde hartan–, nahiz eta han ere beheraka ari den zenbateko hori. Hurrengo hiru postuetan Urola Kosta (%63,7), Tolosaldea (%55,8) eta Debagoiena (%42,4) daude, eta bosgarren postuan Gernika-Bermeo (%36).

Hona hemen eskualdekako datuak grafikoetak:

Euskararen kale erabilera eskualdeka (2011-2021)

Euskal Herriko eskualdeak kale erabileraren arabera, 2021

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide