Euskararen erabilera

Hizkuntzen kaleko erabilera aztertzeko ariketa kolektiboa izan da Euskal Soziolinguistika Jardunaldia

Soziolinguistika Klusterra 2022ko eka. 24a, 09:30

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiko irudi bat. (Soziolinguistika Klusterra)

Euskal Herriko eskualdeetako kale-erabilera datuak publikatu berri ditu Soziolingustika Klusterrak, eta ekainaren 22an, asteazkena, Bilbon aurkeztu zituzten datu horiek. Jardunaldi horien harira Soziolinguistika Klusterrak egindako kronika da honakoa.

Egun osoko jardunaldia egin dute Bilboko Bizkaia Aretoan, 2021eko Hizkuntzen erabileraren kale neurketak utzitako emaitzak oinarri hartuta. 85 pertsonak parte hartu dute Euskal Soziolinguistika Jardunaldian era presentzialean, eta beste 35 pertsonak jarraitu dute streaming bidez.

Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza-politika sailburuak eta Mertxe Mugika Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak eman diote irekiera jardunaldiari, ezagutza soziolinguistikoak hizkuntza-politiken eta hizkuntza-plangintzen oinarri gisa jokatzen duen papera nabarmendu dute. Era berean, Bilbok eta hiriguneek euskararen biziberritzearentzat duten erronka izaera azpimarratu dute.

Olatz Altuna kale neurketaren zuzendariak emaitza osagarri batzuk aurkeztu ditu. Eskualdekako kale-erabileraren datuen berri eman du, adibidez. Gainera, euskararen ezagutza-proportzio parekoak dituzten herrietan kaleko erabilera oso desberdinak neurtzen direnean kontuan hartu beharreko ezaugarriak azaleratu ditu, bi herritako datu errealetan oinarrituta.

Hirigintzaren ikuspegia ekarri dute Jardunaldira Koldo Telleria, Oihana Santolaria eta Irati Otamendik. Gizarte aldaketek eta politikek hirien osaeran duten eragina azaldu dute. Eta, beste norantzan, hiri-espazioen konfigurazioak praktika sozialetan duen eragina. Euren hipotesia da hirigintza-ereduak azken 30 urteetan izan dituen aldaketek kaleko hizkuntza erabilerarekin lotura ere badutela.

Hizkuntzen erabilera datuak interpretatzeko oinarri bezala beste hainbat faktoreren deskribapen laburrak ere eskaini dira jardunaldian. Ane Ortegak mundu mailan hizkuntzen desagerpena bultzatzen duten joerak zerrendatu ditu, globalizazioa eta neoliberalismoa nabarmenduz. Itxaropenerako zumeak badaudela ere adierazi du, mugimendu indigenistak, hizkuntza-aniztasunaren aldeko indarrak eta biodibertsitatearekin loturak, besteak beste. Julen Landak azken hamarkadetako bilakaera demografikoa deskribatu du. Biztanleriaren zahartzea eta migrazio saldo positiboak eragindako hazkundea dira deigarrienak. Gainera, prospekzioa eginda, hurrengo urteetan joera hauek areagotuko direla adierazi du. Iñaki Iurrebaso soziologoak euskarazko hizkuntza gaitasunaren erradiografia eskaini du, ohiko kategoriak erabili beharrean datuak gehiago xehetu eta hobeto ulertzeko aukera eskaintzen duen indizea baliatuz. Euskaraz mintzatzeko gaztelaniaz baino gaitasun altuagoa duen populazioaren proportzioari erreparatuz, kaleetan behatutako euskararen erabilera maila altua dela baieztatu du.

Jardunaldiko parte hartzaile guztiek, taldeetan banatuta, tailerretan kaleko erabilera datuak interpretatzeko ariketa kolektiboa egin dute. Arreta-gune diren gaien artean batzuk hautatu dituzte bozketa bidez, eta hauengan fokua jarri dute ondoren. Hiriguneetako errealitate soziolinguistikoa, euskararen arnasguneak eta gazteen zein heldu-gazteen kaleko erabileraren arteko kontrastea landu dira Emun aholkulariek gidatutako tailerretan.

Euskararen erabilerarako baldintzen eta aurrera begirako erronken maila mikroko begirada landu da mahai inguru batean. Estiñe Astorkiaren galderei erantzunez Eneko Gorrik Ipar Euskal Herriko ikuspegia ekarri du. Komunikazio sistema oso baten beharra, pandemiaren eragina, hiriguneen papera eta gazteen euskaltzaletasuna eta aktibazioa izan ditu hizpide, besteak beste. Maialen Iñarrak, berriz, babesgune kontzeptuan ardatu du bere ekarpena. Euskaraz mintzatu ahal izateko gune seguru eta erosoak sortzeari berebiziko garrantzia eman dio. Hizkuntza-praktikagatik epaitua izateko arriskurik gabeko guneak, kirol taldeetan bezala, lagun taldeetan, lantokietan edo beste hainbat eremutan bermatzea seinalatu du erronka gisa.

Bigarren mahai-inguruan, erabilerarako baldintza sozial orokorrak eta erronkak landu dira, Belen Urangaren gidaritzapean. Kike Amonarrizek hiztun komunitate gisa bizi dugun egoeraren ikuspegia eman du. Baldintza zailetan eta kontrako indarren artean kaleko erabilera mailak bere horretan eustea nabarmendu du. Era berean, hurrengo urte eta hamarkadatan, euskaltzaleak denetariko molde eta eratan antolatzeko eta eratzeko beharra seinalatu du: euskara elkarteetan, kultur taldeetan… Xabier Arauzok diagnosietan zintzoak eta zorrotzak izatea eskatu du. Egoeraren azterketa zehatzik gabeko baikortasun edo ezkortasun gehiegizkoek norabidean eta erabakietan okertzeko arriskua dakartela seinalatu du. Gainera, hizkuntza-politika instituzionalen ezinbesteko osagarri gisa tokian tokiko ehun asoziatiboak duen funtzioa goraipatu du. Imanol Larreak ikerketa soziolinguistikoaren beharra azpimarratu du. Egoeraren diagnosiari ematen zaion tonuak egoeran eragiteko baldintzetan izan dezakeen eraginaz hausnartu du. Eta euskararen biziberritzearen erronka handien inguruan nahiko adostasun sozial egonez gero, horien pareko politikak eta inbertsioak eskatzen dituztela aipatu du.

Egunaren errepaso laburra eginez eman diote amaiera Jardunaldiri Paula Laita eta Pablo Suberbiolak. Hurrengo urtera arte agurtu dituzte parte hartzaileak, gogoraraziz Jardunaldiaren materialak eta bideoak egun gutxiren buruan eskuragarri egongo direla www.soziolinguistika.eus/jardunaldia webgunean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide