2022ko Zarauzko Triatloia

Goi mailako parte hartzaileekin jokatuko da Zarauzko 34. Triatloia

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 8a, 09:10

Helene Alberdi triatleta, Zarauzko Triatloi Elkarteko lehendakari Gorka Silvan eta Kirol zinegotzi Leire Arana. (Aritz Mutiozabal)

Azken urteetako «parte hartzailerik onenak» izango ditu aurtengo probak. Bizikletako zirkuitua aldatu dute, eta San Blasko malda igoko dute triatletek.

Triatloiaren festa bueltan da. Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren, distantzia ertaineko probarik entzutetsuena jokatuko dute larunbat honetan herrian, eta nazioarteko zein bertako espezialista azpimarragarrienak irteeran izango dira. Gainera, "azken urteotako parte hartzailerik onenak" izango ditu. Halaxe aurkeztu zuen Zarauzko Triatloi Elkarteko lehendakari Gorka Silvanek Zarauzko Triatloiaren 34. edizioa  atzo goizean, udaletxeko batzar aretoan eginiko agerraldian.

Guztira, 750 triatleta profesional eta afizionatu lehiatuko dira, eta horietatik 109 izango dira emakumezkoak. "Kopuru hori goraipatu nahi dugu. Izan ere, urtetik urtera goraka doan zifra da", nabarmendu du ZTEko lehendakariak. Era berean, etxeko taldetik 33 lagunek hartuko dute parte larunbateko proban.

Faboritoen artean, modalitateko izen-abizen ezagunak daude. Gizonezkoetan, distantzia olinpikoan hiru aldiz munduko txapeldun Mario Mola mallorkarra azpimarratu zuten, nahiz eta distantzia ertaineko proba honetan lehen aldiz lehiatuko den. Distantzia ertaineko eta luzeko espezialista hauek ere faboritoen zerrendan daude: Zarauzko txapela 11 bider irabazi duen Eneko Llanos gasteiztarra, Mallorkako Ironmana eta Embrunmana irabazi dituen Leon Chevalier frantsesa edo Hawaiiko Ironman munduko txapelketan brontzezko bi domina lortu dituen David MacNamee britainiarra. Beste izen batzuk ere izan zituzten aipagai, hala nola Cesc Godoy, Pello Osoro eta Peru Alfaro.

Emakumezkoetan, Helene Alberdi zumaiarrarengan jarrita dago itxaropena. Izan ere, duela hilabete eskas distantzia ertaineko Espainiako Txapelketa irabazi du Iruñean, eta horrez gain, Zarauzko ibilbidea oso ongi ezagutzen du. Alberdi aurkezpen ekitaldian izan zen, eta bere burua ez du ikusten proba irabazteko faborito nagusi. Hala ere, podiumera igotzeko borroka egingo duela nabarmendu du. Judith Corachan katalana da faboritoa, egungo Espainiako Distantzia Luzeko txapelduna eta Zarauzko Triatloiko azken bi edizioetako txapelduna. Bestetik, Emma Bilham suitzarra ere indartsu etorriko da; azken edizioan bigarren izan zen, eta txapelaren alde borrokatuko du larunbatean. Hiruko horrez gain, Laura Gomez, Marta Sanchez eta Justine Guerard ere kontuan hartu beharreko triatletak izango dira.

Bestalde, Zarauzko Triatloiaren aurtengo edizioa mundu mailako Triatleta Profesionalen Erakundearen (PTO) sailkapenerako proba puntuagarria izango da lehen aldiz.


Berrikuntzak zirkuituan

14:00etan hasiko dute proba emakumeek Getariako Malkorbe hondartzatik, eta hamar minutu barru abiatuko dira gizonezkoak. Oro har, ohiko ibilbidea izango du, baina berrikuntza batzuekin. Igeriketako zatia Getaria-Zarautz arteko 2,9 kilometroko zeharkaldia izango da, eta amaierako 20 kilometroko korrikaldia herrian barrena egingo dute. 

Aldaketa, aitzitik, txirrindularitzako zirkuituan egongo da: orain arte, txirrindularitzako lehenengo zatia egin ostean, Aia aldera abiatzen ziren kirolariak, baina aurtengo "xarma"  San Blasko malda izango dela azaldu du Silvanek. Zarauzko erdigunea eta Elkano auzoa lotzen dituen 2,5 kilometroko igoera malkartsua da, tarte batzuetan % 20tik gorako aldaparekin. Herrigunetik hurbilago dagoen ingurunean egingo denez, bertaratzeko aukera gehiago izango dute zaleek.

"Proba honen berezitasunetako bat da zirkuituko puntu guztietan egoten dela jendea animatzen, eta bereziki amaieran, Kale Nagusian eta erdigunean", zehaztu du Leire Arana Kirol zinegotziak. Horrez gain, tritaloi probako ikur diren boluntarioak nabarmendu ditu, «gure herriko izaera nagusietako bat baita». Aurten, adibidez, 300 boluntario baino gehiagok lagunduko dute. "Proba honek Zarautz munduko mapan jartzen du, eta hori oso garrantzitsua da guretzat", adierazi du zinegotziak. 

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide