Helene Alberdi triatleta zumaiarra gonbidatu zuten atzokoan Zarauzko Triatloiaren aurkezpen ekitaldira. Hiru aldiz sailkatu da lehen bost onenen artean: 2019an eta 2017an laugarren postuan bukatu zuen proba, eta 2018an bigarren izan zen. Azken urteetan jauzi kualitatiboa eman du, eta horren erakusle da, esaterako, irabazi berri duen distantzia ertaineko Espainiako Txapelketa. Nolanahi ere, ez du bere burua faboritotzat ikusten: "Zaila ikusten dut txapela irabaztea. Judith Corachan eta Emma Bilham ikusten ditut nik faborito, baina espero dut podiumera igotzea, nahiz eta gainerako lehiakideak ere gogor lehiatuko diren".
Aurtengo parte hartzaileei dagokienez, "kartel ikaragarria" osatu dutela azaldu zuen. Alberdiren ustez, "Espainiako gainerako probetan nekez aurkitu daiteke halakorik". Hori horrela, lehia irekia izango dela iritzi dio, eta ez dagoela garaipenerako faborito garbirik gizonezkoetan, ezta emakumezkoetan ere. "Emozio handikoa izango da aurtengoa, oso lehia polita".
Bizikletako zirkuituan egin duten aldaketaz ere aritu zen triatleta zumaiarra. "San Blasko pareta ikusgarria izango da benetan", azpimarratu du, eta, nolabait ere, Zegama-Aizkorri mendi lasterketarekin konparatu du. "Kirolzale gisa proba hura ikusten egon nintzen duela aste batzuk, eta konturatu nintzen laster guri tokatuko zitzaigula aldapa hori igotzea". Oro har, ilusioz eta gogoz dago, eta guztia emango du larunbat arratsaldean proba hasi orduko.