Festetako egitarauko hitzordu nagusiak datorren asteburuan badira ere, hasi dira motorrak berotzen dagoeneko Santa Marina kalean. Mus txapelketa eta Slow Times taldearen kontzertua izan ziren atzo eta, gaur, festei hasiera emateko txupinazoa bota dute. Erraldoiak dantzatzen ibili ohi ziren Oskar Mutiozabal Txabillo eta Iñaki Osa izan dituzte gogoan txupinazoaren unean, eta Iñigo Mantzizidor Mantxi-k bertso bana eskaini ostean, haien senideek igo dute Santa Marinako bandera.
Hala, erraldoi eta buruhandiek protagonismo berezia hartu dute gaur eguerdi partean. Trikiti doinuek lagunduta, Santa Marinatik abiatu, eta kalejira egin dute Alde Zaharrean zehar. Bitartean, Santa Marinan sardinak parrilan egiten jardun dira, eta gaztetxoenek puzgarriekin gozatzeko aukera izan dute. Arratsaldean, Apaxi ipuin kontalaria, 6 urte bitarteko haurrentzat moto eta patinete lasterketa, entzierro txikia, txokolate jana eta buruhandiak izango dira.
Ikusi hemen Mantxik Iñaki Osari abestu dion bertsoa eta bandera igo duten unea.
Datorren ostegunean jarraituko dute santamarinek. Arratsaldean, gaztetxoen lasterketa, zezen txikiak eta poney-ak izango dira, eta ostiralean, hitzordu garrantzitsua izan ohi den danborrada.