Eder Iturralde: "Aurtengo Euskaraldiak ez dio horrenbesteko garrantzia eman nahi kopuruari, baizik eta ariketarekin lortzen denari"

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 14a, 09:00

Eder Iturralde, Euskaraldiko Zarauzko dinamizatzailea. (Aritz Mutiozabal)

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Euskaraldiak aurten izango dituen helburuen berri eman du Zarauzko dinamizatzaile Eder Iturraldek (Errezil, 2000).

Urola Kostan hiru dinamizatzaile ariko zarete Euskaraldiaren hirugarren edizioan, eta zu Zarautzen ariko zara buru-belarri. Nola heldu diozu postuari?
Euskal ikasketak egiten ari naiz, jada bukatzen, eta hain justu Orioko AEKn praktikak egiten ari nintzela, bertako irakasle batek esan zidan lan poltsa ireki zela Euskaraldiko dinamizatzaile izateko. Izena eman nuen, baina esperantza handirik gabe. Elkarrizketa bat egin nuen, eta hots egin zidaten baiezkoa emanez. Ondoren, beste bi herrietako dinamizatzaileak ezagutu nituen, eta lehenengo astean hirugarren edizioaren formazioa egin genuen. Behin aurtengo berrikuntzak eta mugarriak jakinda, martxan jarri ginen: herrietako euskal teknikariekin bildu ginen eta, horrez gain, mahai bat sortu dugu hiru dinamizatzaileok, Topaguneko eta Urola Kostako Udal Elkarteko teknikariekin batera. Egia da ni Zarauzko dinamizatzailea naizela, baina hirurok elkarlanean ari gara eta jakin badakigu beste herrietan zer egiten ari garen.

Aurreko edizioak kanpotik biziko zenituen. Orain barruan zaudela, guztiz ezberdina izango da, ezta?
Lehenengo edizioan herri batzordean ibili nintzen, baina Azpeitian. Egia da lehen aldi hartan inork ez zekiela zer izango zen Euskaraldia, eta herrira gogo nahiz ilusio handiarekin etorri zela, jende pila bat mugituz. Bigarren edizioan, aldiz, pandemiak harrapatu gintuen. Ni Gasteizen nengoen orduan ikasten, eta bizi nuen Euskaraldia zer den hiriburu batean. Azkenean, guztiz aldatzen da herri euskaldun batean edo arnasgune batean egin, Zarautz bezalako herri handi batean edo Gasteiz bezalako hiri batean. Nik parte hartu dut, eta gustuko dut ikustea testuinguru ezberdinaren arabera zein den euskararen erabilera.

Zarautzen lehenengo batzarra egin duzue. Zer zeregin zehaztu dituzue?
Aurreko edizioetatik batzordea sortuta zegoen. Ez da oso batzorde handia, baina gogotsu dagoen jendea da, eta egia da jende berria gehitzea ere eskertuko genukeela. Zehaztu ditugun mugarriak ez dira asko aldatu aurreko edizioetatik hona. Aldaketa nagusienetako bat da entitateari dagokiona; hau da, lehen barne-harigunea eta kanpo-harigunea zeuden, enpresek barne eta kanpo harremana zer hizkuntzetan egiten duten zehazten zuena. Aurten erabaki da harigunea izatea, besterik gabe. Bestetik, izen-emateari dagokionez, aurreko edizioetan parte hartu zuten entitateek eta norbanakoek berretsi bakarrik egin beharko dute, eta berriek bakarrik eman beharko dute izena.

Aurten, gainera, erdigunean jarri nahi dira erronka eta lorpena. Euskaraldiaren inguruan egin diren ikerketek erakutsi dute balio duela ohiturak aldatzeko, eta kolektiboan egindako ariketa horrek badituela emaitza positiboak. Garrantzia eman nahi zaio orain arte lortu denari eta baita aurrerantzean lortuko denari ere.

Beraz, Zarautzen ekimen ezberdinak egiteko asmoa dugu: mural pintaketa bat egitea aurreikusi dugu, eta herritarren lorpenen inguruko ekintza bat egitea ere pentsatu dugu, nahiz eta oraindik zehazteko dugun. Gero, erronka gisa, zer nahi dugun aurtengo Euskaralditik atera izango da egingo den ariketa kolektiboa. Aurten Korrikaren urtea izan da, eta euskalduntasuna agerian utzi duela ikusirik, espero dugu Euskaraldiarekin bide hori jarraitzea. Gainera, Hitzez ekiteko garaia da leloa, eta, beraz, hitzen eta ekintzen urtea da aurtengoa.

Hirugarren edizio honetan motibazio gehiagorekin helduko dio jendeak, pandemia atzean utzita.
Jendeak kalera irten eta ekintzak egiteko gogoa dauka. Azken bi urte hauetan ez dugu kalerik eduki, eta nahiko mugatua izan da guztiontzat. Inauterietan Zarautzen adin guztietako jendea ikus zitekeen kalean, baita Garagardo Azokan ere. Nik uste dut jendeak badaukala kalera irteteko gogoa, baina herrigintza aldetik nahiko apal ikusten dut Zarautz. Gauzak antolatzeko ez dago jende askorik. Ikusi besterik ez dago Haur Kultur Taldearekin edo Iñurritzako Jai Batzordearekin zer gertatzen ari den. Laguntza eskatzen ari dira, eta herriak ez duela erantzuten iruditzen zait. Beraz, ditugun baliabideekin antolatuko dugu Euskaraldia.

Korrikarekin sekulako olatua sortu zen Euskal Herri osoan, eta Zarautzek ere ongietorri beroa egin zion. Euskaraldiarekin bat egingo luken seinale, ezta?
Bai, bat egiteko bai, baina batzordean egotea eta gauzak antolatzeko prestutasuna izatea beste kontu bat da. Gauza ezberdinak dira... Edonola ere, nik uste dut jendeak parte hartuko duela, aurreko urteetako izen-emate kopuruak ere altuak izan baitira. Aurten, ordea, ez zaio horrenbesteko garrantzia eman nahi kopuruari, baizik eta ariketarekin lortzen denari.

Eta batzordean sartu nahiko lukeenak zer egin beharko luke?
Nirekin jar daiteke harremanetan Instagram bidez (@zarautzeuskaraldia), zarautz@euskaraldia.eus posta elektronikora idatzita edo 688 71 40 85 telefono zenbakira deituta, eta orduan taldera sartuko genuke. Bigarren batzarrerako data ere zehaztu dugu, eta ekainaren 2an egingo dugu hori.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide