Eraikitzen ari diren Errotaberri industrialdeko hamasei partzeletatik bitan txikizkako merkataritza ahalbidetzea onartu zuten atzo, urtarrileko osoko bilkuran. Zehazki, 1.000 metro koadrotik gorako txikizkako merkataritzako eskaintza ahalbidetuko da, Zarautzen "eskaintza zabalagoa" egoteko eta "lehia sustatzeko" xedearekin. Bi partzela horien azalera 13.341 metro koadrokoa da (Errotaberriren azalera osoaren %14 baino gutxiago, Xabier Txurruka alkateak azaldu duenez), eta Frantseskua zubiaren parean, industrialdearen ertzean, egongo da kokatuta. Udal Gobernua osatzen duten udal taldeen aldeko hamabi botoekin egin zuen aurrera (EAJrenekin eta PSE-EErenekin). EH Bilduk eta Podemos Equo-Berdeakek, berriz, aurka bozkatu zuten (bederatzi boto).
2021eko urrian gobernu batzarrak hasierako onespena eman zion ordenantza aldaketa honi, eta espedientea jendaurrean egon zen epean hiru alegazio aurkeztu ziren. Ingurumen eta Hirigintza departamentuek horiei buruzko txostenak egin zituzten.
Alkateak udalbatzarreko hitzartzean azaldu zuen erabilera industriala hartu zela hasiera batean Errotaberriko erabilera nagusitzat, eta horrek "berariaz" debekatzen dituela txikizkako merkataritza jarduerak eta, oro har, "oso murriztailea" dela "erabilera bateragarri eta osagarriei" dagokienean. "Gaur egun, Zarautzen ezinezkoa da 1.000 metrotik gorako merkataritza erabilera duten pabilioiak jartzea", zehaztu zuen.
Askotariko iritziak
Podemos Equo-Berdeak udal taldeko ordezkari Oihane Delgadok bere hitzartzean esan zuen modu horretan ez dela industria sustatzen. "Ez dauka zentzurik hau egiteak industria sustatu nahi bada. Aldiz, badauka zentzua sustatu nahi dena industrialdean Mercadona bat ipintzea baldin bada", adierazi zuen. "Guk ere nahi dugu aukera zabalagoa egotea Zarautzen, baina ez merkatari txikien aurka izango bada".
Patxi Elola PSE-EE udal taldeko kidea ados agertu zen alkateak emandako arrazoibideekin, eta aurkeztutako txosten eta arrazoiak balantzan jarrita, aldeko botoa emango zutela zehaztu zuen.
EH Bildu, aurretik adierazi izan duen moduan, ordenantza aldaketaren aurka azaldu zen. Itziar Murua bozeramaileak esan zuen Errotaberriri dagozkion orain arteko pauso denetan ados egon direla, "industria babesten ari ginelakoan". Aldaketa honekin, ordea, industriaren bultzada hori mugatzen delakoan daude. "Zarautzen industria bultzatzeko beharra badagoela denok dakigu. Soilik zerbitzuetara bideratutako herria ari da bihurtzen". Gaineratu zuen herri baten garapenerako "tokiko ekonomia aberatsa" edukitzea "garrantzitsua" dela, eta bigarren hitzartzean, arrazoi hauek ere azaldu zituen: "Herriari eta auzoei nortasuna kenduko diela iruditzen zaigu, eta tokiko merkataritzan ondorioak izango ditu".
Azken hitzartzean, alkateak EAJk lehen sektoreari ematen dion bultzadaren adibidetzat jarri zuen merkatu plaza berritzekotan direla hil honen bukaeran, "ekoizleek beren egoera hobetu dezaten". "Zarauzko Udalak diru publikoa merkatu plaza berritzera bideratzen du, ez supermerkatuak egitera", gaineratu zuen.
Horrez gain, arrazoitu zuen gaur egungo "etengabeko iraultza komertzialaren" testuinguruan (Interneteko salmentei erreferentzia egin zion), ez daukala zentzurik aurka agertu ziren udal taldeek plazaratutako eztabaidak; alegia, hipermerkatuek edo periferiako merkataritza guneek hiriko merkataritza txikian izan dezaketen eraginei buruzkoak. "Kontuan hartuta, gainera, bete direla 25 urte Zarautz erdian martxan jarri zela Errotaberrin orain egin daitekeen tamaina berdineko hipermerkatu bat".
BIDEOA. Urtarrileko udalbatzarra, osorik.