Jendaurrean dago Errotaberriko plan partzialaren ordenantzan aldaketa egiteko espedientea

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 3a, 13:20

(Zarauzko Udala)

Errotaberriko eremua industriara bideratuta egongo da nagusiki, baina ordenantza aldaketa aurrera ateraz gero, hamasei partzeletatik bi txikizkako merkataritzarako erabili ahalko dira.

Errotaberrin txikizkako merkataritza ahalbidetzeko beharrezko ordenantza aldaketa egiteko asmoa agertu zuen Zarauzko Udal Gobernuak uztailean, eta jendearen ekarpen eta iritziak jaso ahal izateko ordenantza zirriborroa publikatu zuen. Aldaketa gauzatzeko pausoak ematen jarraitu du, eta joan den urriaren 4an hasierako onespena eman zion Tokiko Gobernu Batzarrak Errotaberri industria-sektoreko plan partzialaren ordenantzen aldaketari.

Bi aste geroago, urriaren 19an, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta, harrezkero, jendaurrean dago erabilera baldintzak aldatzeko hasierako onespenerako dokumentua. Argitaratu zenetik 45 eguneko epea dute alegazioak aurkezteko herritarrek. Espedientea udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan kontsultatu daiteke, bulego orduetan. Horrez gain, dokumentu publikoak irakurgai daude udalaren web orrialdean ere.

Dokumentuak azaltzen duenez, egungo udalak Errotaberrin industria bultzatzea du xede, baina horrekin batera, "egokia iruditzen zaio beste erabilera batzuei ere lekua uztea". Hori dela eta, ordenantza aldaketak zehazten du Errotaberriko 13 eta 14 partzeletan txikizkako merkataritzarako erabilera ahalbidetuko dutela. Erabaki hori hartzerakoan, besteak beste, kontuan hartu dituzte honako faktore hauek, dokumentuaren arabera: Zarauzko txikizkako merkataritza tradizionalean eta jarduera industrialetan izan dezakeen inpaktua (erabilera komertzialak ez dira iritsiko eraikigarritasunaren %14ra), oinezkoen mugikortasuna (iparraldean dauden bi partzela aukeratu dituzte erabilera aldatzeko) edota egoera sozioekonomikoa, besteak beste. 

Ordenantzaren testu berriaren arabera, industria produkzio erabilerarako izango dira Errotaberri eremuko 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12 eta 16 partzelak. Ordenantzak zehazten du partzela horien erabilera alternatiboak honako hauek ere izan daitezkeela: hiri zerbitzuen erabilera; administrazio zerbitzuen erabilera; hotel erabilera; jolasa, aisialdia edo ikuskizunak; ehorzketa zerbitzuak; aparkaleku autonomoak; eta beste batzuk, frogatzen bada bere kokalekua ez dela bateraezina erabilera industrialeko guneetan. Txikizkako merkataritzarako erabilera ere baimenduko da, baina salbuespen gisa soilik, araututako jarduera zehatz batzuetan.

13 eta 14 partzelei dagokienean, berriz, testu berriak berariaz zehazten du horietan txikizkako merkataritza pilatuaren erabilera baimenduko dela. Hori horrela, hirugarren sektoreko erabilera eman ahalko zaie, baina bakarrik modalitate hauetan: ostalaritzako zerbitzuen prestazioak, ostaturik gabekoak (jatetxeak, kafetegiak eta antzekoak); eta ondasunak eta produktuak merkaturatzeko jarduerak (kasu horietan, jardueraren azalera eraikia 200 metro koadrotik gorakoa izatea exijituko da).

Iritzi ezberdinak

Ordenantza aldaketa eztabaida iturri izan da udalean. EH Bildu udal taldeak prentsaurrekoa eskaini zuen irailaren erdialdean, eta zehaztu zuten "industriari eman beharreko bultzada murriztu" egingo da aldaketaren ondorioz eta, horrez gain, herriari "kalteak sortuko" dizkiola iritzi zioten. Udalak aldaketaren berri eman zuenean, Xabier Txurruka alkateak zehaztu zuen proposatutako aldaketak baimenduko zuela ezartzea, besteak beste, "elikadura dendak, supermerkatuak edo bestelako merkataritza establezimenduak, "baina ez litzateke inola ere aukerarik egongo merkataritza gune bat sortzeko, gure udalerriaren inguruan kilometro gutxi batzuetara ezagutzen ditugunak bezalakoa". 

 

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide