Santo Tomas azoka egin ezinaren hutsunea estaltzeko, euskaltegiaren Zuberoa kaleko egoitza berria inauguratzeko jaia antolatu zuten AEK-ko kideek atzo arratsalderako. Haur zein heldu, denetariko herritarrak animatu ziren jardueretan parte hartzera, eta giro polita sortu zen.
Egitarauari 17:00etan eman zioten hasiera Maite Arrese yogi ipuin kontalariaren saioarekin. Ondoren, hika praktikatzeko eta euskaltegiaren azpiegitura berriak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zen. Eta jaiaren azken txanpa Joselontxos txarangak girotu zuen. Pelaxen kontzertua ere iragarri zuten arren, azken unean bertan behera gelditu zen.
Horiez gain, Korrikako materialarekin postua jarri zuten euskaltegiaren kanpoaldean, herritarrek erosketak egin zitzaten, eta Zarauzko produktuz osatutako otarra bat ere zozkatu zuten.
