Iñaki Uria: "Gasteizko taldea datorren astean hasiko da lanean"

Urtzi Urkizu - Berria 2021ko abe. 11a, 11:00

Hamaikaren fundazioa aktibatu dute, edonork proiektua diruz babestu dezan. Gasteizko egoitza martxan jarri, eta aurki estreinatuko dute gailu eramangarrietarako aplikazio berria. Berria egunkariak Hamaikako zuzendari Iñaki Uria elkarrizketatu du.

Hamaikaren sortzaileetako bat izan zen, eta telebista sortu zenetik zuzendaria da Iñaki Uria Manterola (Zarautz, Gipuzkoa, 1960). Euskarazko kateak Hamabi urte bete ditu aurten.

Bat izan, Hamaika egin leloa duen bideoa zabaldu duzue. Zergatik aktibatu duzue Hamaika fundazioa?

Azken urteetan publizitatearen bilakaera ikusita, beharrezkoa ikusi dugu horren beherakada beste nonbaitetik berdintzeko. Fundazioa sortua genuen aspaldi, eta aktibatu nahi izan dugu jendearen babesa jasotzeko eta diru sarreretan hirugarren hanka bat izateko. Hamaikaren hasieran norbanako dezente akziodun egin ziren, eta planteatu zaie partaide izateko. Eta, gainera, gure bazkide diren hedabide eta enpresen bezeroen artean zozketak antolatzen ari gara.

Hamaika babesten duenak zer jasoko du trukean?

Hamaikan dauden bideoak eta edukiak jaso, eta zenbait kasutan lehentasuna izatea. Garatuz joango gara hori bidean.

Eusko Jaurlaritzak zuzeneko laguntza eman die zenbait irrati eta egunkariri. Hortik kanpo gelditu da Hamaika. Zer esan dezakezu?

Hamaika eta euskarazko hedabide asko gelditu gara kanpoan. Iaz COVID-19a lehertu zenean, Hekimenen bidez txosten bat aurkeztu genuen Jaurlaritzan, eta bertan adierazi genuen koronabirusak eragin handia izango zuela euskarazko hedabideetan. Ondo hartu zuten, Jaurlaritzak azterketa bat egin zuen, baina... Orain Hekimen Jaurlaritzarekin egotekotan da.

Durangoko Azokan iragarri duzue Gasteizko egoitza martxan jarriko duzuela. Noiz?

Datorren astean hasiko da lantaldea lanean. Bulegoa badaukagu jada, eta lauzpabost langile hasiko dira. Gasteizen Bilboko seinalea ematen genuen orain arte, baina hemendik aurrera Gasteizek seinale propioa izango du. Bertan ekoizpen propioak egingo dira. Proiektu garrantzitsua da guretzat: urtearen bukaeran martxan izango da.

Elkarrizketa osorik berria.eus atarian irakurri daiteke

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide