Ostiralean eta larunbatean Lesboseko Moria kanpamenduko errefuxiatuei laguntzeko janari bilketak deituta zeuden Euskal Herriko hainbat txokotan; baita Zarautzen ere. Atzo 20:00ak arte egon ziren janaria biltzen Iñurritzako jubilatuen elkartean zein Gipuzkoa kaleko 32. zenbakian.
Iñurritzan bildutako janaria kudeatzen aritu zen Begoña Egaña guztiz hunkituta geratu da asteburuan zarauztarrek erakutsi duten elkartasunarekin. "Egin duen eguraldiarekin beldur ginen jendea etxean geratuko ote zen, baina ez da hala izan", azaldu du Egañak. "Harrigarria" eta "sinestezina" hitzak erabili ditu bizitakoa deskribatzeko.
Arroza eta lekaleak batuta 1.139 kilo bildu dituzte guztira Iñurritzan Egañaren arabera, eta bildutako gainontzeko elikagaien kopuruak ere ez dira makalak: 776 atun lata, 413 litro olio, 255 sardina lata... egoitzaren sarreran jarritako itsulapikoarekin ere eskuzabal ibili da jendea: 749 euro bildu dituzte.
Argazki galerian ikusgai daude Iñurritzako Jubilatuen Elkartetik helarazitako argazkiak, baita Hotz Zarautz elkarteak sare sozialen bidez zabaldutakoak ere.