Babestutako edukia

Esperientzia eta ezagutza, eskutik

Zarauzko Hitza 2020ko irailaren 17a

Fisioterapia Zarautz zentroak ibilbide motza duen arren, iazko azaroan zabaldu baitzituen ateak, bere ardura duen Roman Agirrek urte luzetako esperientzia du. Zentro berrian, gainera, makina bereziak ditu tendoietako eta fasziako lesioak eta nerbioak eta muskuluen puntu motoreak estimulatzeko.

Roman Agirrek fisioterapia gradua ikasi zuen Bartzelonan eta, ondoren, beste bi urte igaro zituen osteopatia ikasten. Ondoren, ahalik eta ezagutza handiena izateko eta formakuntzan sakontzeko helburuarekin, hainbat ikastaro egin zituen: buruko minaren eta migrainaren tratamendua, puntzio lehorra, ATM, kirol lesioak eta neuromodulazioa, besteak beste.

Ikasketak amaitu bezain laster hasi zen lanean Agirre Zarauzko Matia Fundazioan, eta urte batzuk bertan egin eta gero, Madrilera joan zen zentro pribatu batean lan egitera. “Matian era guztietako pazienteak izaten dira eta asko ikasi nuen urte haietan, baina zerbitzu pribatuan batez ere kirolarien eta traumatologiako lesioekin egin izan dut lan”, agertu du. Esperientzia asko hartu ondoren etxera itzuli zen, eta iazko azaroan zabaldu zituen ateak Fisioterapia Zarautzek.

 

Eskuzko terapia erabiltzen dute gehienbat Zarautz Fisioterapian, eta tratamenduak osatzeko banda neuromuskularrak edota puntzio lehorrak bezalako beste terapia batzuk ere erabiltzen dituzte. Horretaz gain, bi aparatu berezi dituzte kontsultan:

  1. EPTE sistema, tendoietako ala oineko fasziako lesioak tratatzeko. Lesio horiek zailak izaten dira sendatzeko, baina terapia berri honekin, sendakuntza bizkortu egiten dute. “Puntzio lehorreko orratz bat sartzen dugu tendoiak lesioa duen tokian, eta korronte galbaniko bat eragiten diogu, birsorkuntza prozesu bat eraginez”.
  2. Neuromodulazioa, nerbioak eta muskuluen puntu motoreak estimulatzeko. “Mina arintzea lortzen dugu lehenengo saiotik, sistema muskular eta eskeletikoaren funtzioak hobetzeaz gain”. Terapia hau ere puntzio lehorreko orratzekin egiten dute, orratzak puntu desberdinetan sartzen dituzte eta korronte elektriko bat jartzen diote bezeroari minutu batzuez, eragina egiten joan dadin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide