Tarte luzez txapelketarik egin gabe egon ostean, zer moduz bilatu duzu zure burua Galizian?
Egia esan, oso ondo. Egoera berezi honetan lehiatzeko aukera izate hutsa eskertzekoa da, eta antolakuntzakoek lan bikaina egin dute. Izurritearen ondoren, Pantin Classic izan da Estatu mailan egin den lehen txapelketa. Nire parte hartzeari dagokionez, gustura itzuli naiz etxera bigarren postuarekin. Vasco Ribeiro bikain aritu zen, eta merezita eraman zuen txapela.
Ezohiko egoera dela eta, ba al zenuen urduritasun berezirik lehia hasi aurretik?
Ez, besteetan baino dezente gutxiago. Kontrako efektua egin dit azken hilabeteetan gertatu den guztiak, eta oso lasai hasi nuen txapelketa, presiorik gabe. Gozatzera joan nintzen; tartean, bi kilako taula berezi batekin esperimentatzera.
Lehiaketetan ez dira bi kilako taula asko ikusten.
Ez, eta, espero gabe, goi mailako txapelketa batean halako taularekin surf egiteak ikaragarri motibatu ninduen. Ohola Daniel Jones lagun hawaiiarrak egin zidan eskuz, artisau eran, eta oso kutuna dut. Kasualitatez, udako itsasaldirik handiena sartu zen txapelketako egunetan, eta oholak errendimendu bikaina eman zidan Pantin hondartzako olatu luze eta zabaletan.
Aurten nabarmen jaitsi da surf txapelketa kopurua, pandemia dela eta. Zer egoeratan daude nazioarteko goi mailako zirkuituak?
Oraingoz, World Surf Leaguek antolatzen dituen bi zirkuitu nagusiak geldirik daude datorren urtera arte. Datozen hilabeteetan egingo dituzte txapelketa berezi edo erakustaldiak, baina betiko ligak bertan behera geratu dira.
Urtero nazioarteko bidaia asko egitera ohituta egonik, bizi-estiloa nabarmen aldatu al dizu pandemiak?
Bai. Azken urteekin konparatuz gero, sekula baino denbora gehiago ari naiz egiten Zarautzen, osasun krisiak hala behartuta. Egia esan, mundu mailako egoera oso larria den arren, niri ez zait gaizki etorri etxean denbora gehiago egitea eta erritmoa jaistea. Bidaiatzea nire pasioa da, ogibideaz gain, eta gerora ere horretan jarraituko dut, baina hilabeteotan oso gustura nago herrian. Leku pribilegiatuan bizi gara. Gertuko jendearekin lasai egoteko aukera izaten ari naiz, eta hori berria da niretzat. Zorionez, inguruko inork ez du osasun arazorik izan, eta egoera kezkagarri honi gauza onak ateratzeko aukera izan dut.
Zer asmo edo proiektu dituzu epe labur-ertainera begira?
Momentu honetan, buru-belarri ari naiz lanean Shelter gure surf eskolan. Geldialdi luzeari esker, denbora gehiago izan dut eskolan egoteko, eta oso gustura ari naiz lan taldearekin elkarlanean. Langile bikainak ditut bertan, eta, orain, egunero elkarrekin ordu gehiago egoteko aukera izaten ari gara. Besteak beste, zailtasunak dituzten pertsonentzat programak garatzen ari gara, surfaren bidez inklusioaren alde lan egiteko. Halako proiektuek asko ematen didate bueltan, eta gustura ari naiz horiei denbora eskaintzen. Bestalde, eskolan lan gehiago egin nahi dugu negura begira, batik bat herriko gaztetxoekin ikastaroak, entrenamendu saioak etab. eginez, eta horren lanketan ere ari gara.