Mundu mailako surf zirkuitua bertan behera geratu bada ere, Pantineko (Galizia) surf txapelketako antolatzaileek lehiaketarekin aurrera egitea erabaki zuten, eta pasa den egunetan jokatu da norgehiagoka.
Nadia Erostarbek maila ona erakutsi du txapelketa osoan zehar, baina larunbatean ez zuen final erdietan Teresa Bonvalot txapeldunaren aurka jokatutako norgehiagoka gainditzerik lortu, eta hirugarren postuan sailkatu da. Aritz Aranburu, berriz, iritsi zen finalera, baina Vasco Ribeiro portugaldarrak lortu zuen, azkenean, txapela irabaztea. Aranburuk ETB1ean azaldu zuenez, "maila handikoa" izan da txapelketa, eta "gustura" dago egindako lanarekin. "Vasco Ribeirok txapelketa bikaina egin du, eta onenak irabazi duela iruditzen zait".
