Ikastetxeen irekiera epea astebetez atzeratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta beraz, maiatzaren 25etik aurrera hasiko dira eskolak ematen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza zentroetan. Konfinamendua arintzeko lehen fasean Espainiako Gobernuak ez du jaso ikastetxeen irekieraren gaineko xehetasunik, eta Jaurlaritzak ere ez du irekitzeko erabakirik hartu. Dena den, ikusteko dago hilaren 25ean irekitzeko aukera izango den edo ez.
Hasiera batean datorren astelehenean, maiatzaren 18an, nahi zuen hezkuntza jarduna berriz hastea Jaurlaritzak, baina gaur jakinarazi du astebete atzeratuko duela data hori. Dena den, borondatezkoa izango da irekiera, eta ikastetxe bakoitzak hartu beharko du erabakia. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak dagoeneko bidali die erabakiaren berri emateko gutuna ikastetxeei.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak jakinarazi duenez, eskola komunitatean “arazo gehiago” ez sortzeko nahiz “argitasuna eta segurtasuna emateko” hartu dute erabakia. “Kontuan hartu behar da oraindik ez dugula Madrildik jaso zehaztapen juridikoa, eta erabaki dugu maiatzaren 25ean hasiko dela eskoletara itzultzeko dinamika guztia”.
Maiatzaren 7an iragarri zuen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak maiatzaren 18an ikasgeletara itzuliko zirela Batxilergoko bigarren mailako ikasleak eta Lanbide Heziketako goi mailako zikloetako bi mailetakoak eta erdi mailako eta oinarrizko mailako bigarren mailakoak; eta maiatzaren 25ean, berriz, DBHko laugarren mailakoak, Batxilergoko lehen mailakoak eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako lehen ikasturtekoak.
Soka luzea ekarri du zuen eskolen irekieraren iragarpenak. Izan ere, sindikatuek adierazi zuten baldintzak negoziatu nahi zituztela, ikasle sindikatuak greba mugagabera deitu zuen eta hezkuntza eragileek zentroak 18an zabaltzearen aurkako jarrera azaldu zuten. Astelehenean, berriz, ikastetxeak irekitzea borondatezkoa izango zela jakinarazi zuen Jaurlaritzak.
Egunotan Zarauzko ikastetxeekin harremanetan izan da Zarauzkohitza.eus, eta hainbat zentrotako zuzendariek zalantzak zituztela eta jakinarazpen ofizialik jaso gabe zeudela adierazi zioten egunkariari.