Ikastetxeak, jarraibide ofizialen zain

Amaia Urbieta Arruti 2020ko mai. 14a, 12:33

Eusko Jaurlaritzak klaseen itzuleraren inguruan iragarritako guztia prentsaren bidez soilik jakin dute ikastetxeek. Oteitza Lizeo Politeknikoan eta Lizardi Institutuan uste dute ez dela bideragarria astelehenean ikasgelara joatea, baina informazio gehiagoren zain daude momentuz.

Iragan ostegunean iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 18an hainbat ikaslerentzat aurrez aurreko klaseak martxan jartzeko asmoa. Neurria agiri ofizialetan jaso ez bazuten ere, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak azaldu zuen beren helburua zela egun horretan ikasgeletara itzultzea Batxilergoko bigarren mailako ikasleak, Lanbide Heziketako goi mailako zikloetako bi mailetakoak eta erdi mailako eta oinarrizko mailako bigarren mailakoak.

"Hori iragarri baino askoz lehenagotik ari ginen gure plangintza jarraitzen, eta hezkuntza komunitateak bazekien ikasturte amaierari begirako gure planifikazioa. Ez genuen pentsatu ere egiten, maiatzean behintzat, eskolara itzultzea", azaldu du Jose Ignacio Martija Oteitza Lizeo Politeknikoko zuzendariak. Bere esanetan, "ezustean" harrapatu zituen erabakiak. Martijak uste du astelehenean klasera itzultzea ez dela "bideragarria", eta iragarpen hori "ikastetxeekin kontsultatu gabe eta beren errealitatea ezagutu gabe" egin dutela azaldu du: "erabaki horrek talka egiten du eskolaren funtzionamendu eta antolamenduarekin". Izan ere, itzulerarako azpimarratu dituzten baldintzak–metro eta erdiko distantziak, hamabost ikasle gehienez gela bakoitzeko– ez dira bideragarriak Oteitzan. Hezkuntza Sailaren kudeaketarekin "haserre" daude ikastetxeko profesionalak, izan ere, egoitzako langileek zein ikuskariak egun eta une berean izan zuten jaurlaritzaren asmoen berri: prentsaurrekoa egin zutenean. "Langileen eta ikasleen sindikatuak aurka daude, kristau eskolak eta Ikastolen Elkartea ere bai. Ikusi genuen ez zela gure kontua, orokorra zela egoera".

Nahiz eta Hezkuntza Sailetik jarraibideak jasotzeko zain dauden, kontrako agindurik jaso ezean, ez dira eskolara joango Lanbide Heziketako eta Batxillergoko Oteitzako ikasleak. Lanbide Heziketakoen hirugarren ebaluaketako praktikak eten egin dira, beraz, horientzako prestatu dute plangintza bat, modu presentzialean eta segurtasun neurriekin, praktika horiei berriro heldu ahal izateko; horretarako ekaineko hamar egun gorde dituzte. Lanbide Heziketakoen azken ezohiko azterketak, berriz, ekaineko bigarren hamabostaldian izango dira, eta horiek aurrez aurre egiteko asmoa dute.

Batxillergoko ikasleei dagokienez, lehen mailakoak, hiru ebaluaketak gaindituta badituzte, ez dira eskolara itzuliko. Gainditu gabeko ikasgaiak dituztenek modu presentzialean azterketak egiteko aukera izango dute ekainean. Bigarren mailan gauza bera egingo dute ohiko azterketekin eta globalekin. Unibertsitatera sartzeko hautaprobari dagokionez, berriz, aurrez aurreko prestakuntza klaseak eskainiko dituzte bost egunez, ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran.

Beraz, Lanbide Heziketakoen ikasturtea ekainaren 24an amaituko da eta Batxillergokoena luzatu egingo da apur bat. Izatez Batxillergoko irakasleen egutegia ekainaren 30ean amaitzen bada ere, jendeak egoerari "profesionaltasunez" erantzun diola azaldu du Martijak. "Martxoaren 13an, eskolak itxiko zituztela esan zutenean, krisi gabinetea izan genuen. Klaustroa bildu ginen eta clasroom eta google meet tresnen formakuntza intentsibo bat eman zen, eta hilaren 16rako ikasleak ari ziren telematikoki klaseak jasotzen".

Lizardikoak ere, aginduen zain

Inoiz baino konektatuago dabil egunotan Arantxa Etxabe Lizardi institutuko zuzendaria ere. Bilera eta bilera artean hartu du tartea HITZArekin hitz egiteko. Astelehenera begirako erabakirik hartu duten galdetuta, jakinarazpen ofizialik jaso ezean, beraiek aurrerapausorik ezin dutela eman azaldu du. "Prentsan agertu da eskolara itzuli behar dugula, zer segurtasun neurrirekin, noiz, zein mailatakoak... baina guri orain arte esan zaigun bakarra da ikasle guztiei eman behar diegula arreta eta, momentuz, horretan ari gara".

Ari dira eta, gainera, "oso pozik" dihardute hartutako dinamikarekin. "Lan handia ari dira egiten bai ikasleak, bai irakasleak, baita familiak ere". Ikastetxe handia da Lizardi, ikasle asko dituzte eta "izugarrizko plangintza" egin behar izan dute ikasturtearekin aurrera egiteko. Etxabek eskertu egin nahi izan du ikasleek egindako lana: "14-18 urtekoak izan dira azkenak etxetik ateratzen, eta lan ikaragarria egin dute. Baita irakasleek ere, egun batetik bestera antolatu behar izan dutelako lanerako beste modu bat, oso era drastikoan. Harro nago nire ikastetxeko komunitateaz", esan du. Oraingoz, gaur arteko martxa berean jarraituko dute, telematikoki. "Guk plangintza bat daukagu itxialdiaren lehen egunetik betetzen ari garena. Protokoloa iritsi arte, aztertu eta ikusi arte ea gure ikastetxean bideragarria den proposatzen duten plan berria, ez dugu ezer aldatzeko asmorik". Dena den, Etxaberi abisua pasa diote ateak zabaldu ahal izateko babes-materiala bidean dela. Materiala bai, baina irizpiderik eta protokolorik ez.

Herenegun jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak eskolek "autonomia" izango dutela itzulera antolatzeko, alegia, eskola bakoitzaren esku utziko dutela ikasturtea amaitzeko modua. Horren inguruan ere zalantzati agertu da Lizardiko zuzendaria, eskatzen zaiena ez delako gai pedagogiko baten gaineko erabakia hartzea. "Osasun arazo larria da, mundu mailakoa. Orduan, zuzendariaren esku uztea erabakia...". Gaur arte antolatuta dutenaren arabera, moldatuko dira ikasturte amaierako ebaluazio guztiak ere telematikoki egiteko, aurrez aurreko klaserik gabe. "Gauzak aldatu daitezke eta baliteke ezohiko azterketak ikastetxean egin ahal izatea, baina hori ez dakigu momentuz". 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide