Zarauzko Triatloiko antolatzaileek gogorarazi dutenez, boluntarioek triatloian egin beharreko lanaz azalpenak eta materiala jaso behar dituzte triatloiaren aurretik. Hala, bi egun jarri dituzte horretarako: ostiral honetan, ekainak 7, 17:00etatik 20:00etara, edo larunbatean bertan, ekainak 8, 10:00etatik 11:30era.
Zinema Pilotalekuan jasoko dituzte euren lana egiteko beharrezko azalpenak eta materiala, aipatutako egun eta ordutegian.
Zarauzko 33. Triatloia larunbatean 15:00etan abiatuko da Getariako Malkorbe hondartzatik, eta zirkulazioan eragin handia izango du arratsalde partean, bai Zarautz barruan, bai kostako beste herri guztietan.
Proban parte hartuko duten 700 parte hartzaileen osasuna zaintzen ere egongo dira boluntarioak. Hain zuzen, Felix Zubia mediku eta Gurutze Gorriko boluntario zarauztarrak emanak ditu kirolarientzat aholku batzuk Zarauzko Triatloiaren webgunean.