Zarauzko Triatloia 2019

Zarauzko Triatloiak aldaketak eragingo ditu trafikoan eta hondakin bilketan

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 6a, 12:36

Larunbatean jokatuko dute Zarauzko Triatloia, 15:00etan hasita. Horren harira, Zarauzko zenbait errepide eta kale itxiko dituzte, eta aldaketak izango dira autobus zerbitzuan, trafikoan zein hondakin bilketan. Bestalde, ostiral goizetik aurrera, ezingo dira bizikletak utzi Lege Zaharren enparantzan.

Larunbat honetan, ekainak 8, 33. Zarauzko Triatloia jokatuko dute, Bakarra da izenpean. 15:00etan hasiko da proba, Getariako Malkorbe hondartzan, eta Zarauzko hainbat errepide eta kale itxiko dituzte parte hartzaileek triatloiaren ibilbidea osatu bitartean. Hala, larunbatean aldaketak izango dira trafikoan, autobus zerbitzuan zein hondakin bilketan.

Urola Kostako Udal Elkarteak azaldu duenez, merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzuen sektoreari zuzendutako hondakin bilketa zerbitzua ez da ohiko ordutegian izango. Zarautzen eta Getarian 09:30etik aurrera jasoko dituzte hondakinak; Zumaian, 10:30etik aurrera; eta Orion, 12:30etik aurrera.

Aldaketak autobus zerbitzuan

Larunbatean, UK09, UK10 eta UK11 lineatako autobusek ez dituzte ohiko ibilbideak egingo, Lurraldebusek jakinarazi duenez. Beraz, 15:30etik aurrerako autobus zerbitzuan aldaketak izango dira, 18:00ak arte, gutxi gorabehera.

UK09 linean (N-634), Zumaiatik Donostiarako ibilbidean, Zumaiatik 15:30ean, 16:30ean eta 17:30ean irteten diren autobusek ez dute ohiko bidea egingo. Horren ordez, ordezko ibilbidea osatuko dute AP-8tik Zarautzeraino, AP-8 autobidetik. Suhiltzaileen biribilgunean egingo dute geldialdia, eta hortik abiatuko dira Donostiara.

16:00etan Donostiatik Zumaiara irtengo den autobusa ere suhiltzaileen biribilgunean geldituko da, ohiko guneetan egin ordez. Gero, AP-8tik jarraituko du bidea, Zumaiaraino. Donostiatik 17:00etan aterako den autobusak, aldiz, hiru geldialdi egingo ditu Zarautzen; suhiltzaileen biribilgunean, kiroldegiko biribilgunean eta Photomuseumeko biribilgunean.

UK10 lineari dagokionez, Zumaiatik Donostiarako ibilbidean, Zumaiatik 15:55ean eta 16:55ean irtengo diren autobusek ere ez dute betiko bidea egingo. AP-8 autobidetik joango dira Zarautzera, suhiltzaileen biribilgunera, eta handik aterako dira Donostia aldera, ohiko ibilbidea osatuz.

16:55ean Donostiatik Zumaiara aterako den autobusa suhiltzaileen biribilgunean soilik geratuko da, eta gero, autopistatik joango da Zumaiara. Donostiatik 17:55ean irteten den autobusa hiru gunetan geldituko da; suhiltzaileen biribilgunean, kiroldegiko biribilgunean eta Photomuseumeko biribilgunean.

UK11 linean ere aldaketak izango dira. 17:15ean Zumaiatik abiatzen den autobusa ez da Oriotik igaroko. Zarautzen, suhiltzaileen biribilgunean egingo du geldialdia, eta autopistan sartuko da jarraian.

Getaria eta Zumaia arteko anezkei ere eragingo die triatloiak. Izan ere, Getariatik Zarautzera edota Donostiara mugitu nahi duten herritarrek Zumaiara bertaratu beharko dute. Bertan, beste autobus bat hartu beharko dute, Zarautzera edo Donostiara iristeko. 15:15ean, 15:45ean, 16:15ean, 16:45ean, 17:15ean, 17:45ean eta 18:15ean izango dira anezkak.

Errepide eta kale mozketak

Bestalde, Zarautzen hainbat errepide eta kale itxiko dituzte larunbatean, 15:30etik aurrera. Hain zuzen, ondorengoa izango da ordutegia:

  • 15:30-18:35. San Inazio kalea eta Meagaseko errepidea
  • 17:00-19:35. Nafarroa kalea. Mendilauta, Zumalakarregi, Zinkunegi, Lizardi, Etxepare, Axular, Lauaxeta, Orixe, Don Leandro, Mandabide, Aresti, Ixpilla eta Mollarri kaleetako sarrera errepideak, Nafarroa kaletik
  • 17:30-21:00. Zigordia kalea
  • 17:30-22:00. Gipuzkoa kalea, Seitximeneta eta San Frantzisko kaleen artean eta Zinkunegi eta Nafarroa kaleko surtidorearen artean

Trialoiaren antolatzaileek adierazi dutenez, ibilgailuak zehaztutako kaleetan aparkatuta dituzten herritarrek ezingo dituzte ibilgailuak bertatik mugitu triatloiak irauten duen bitartean. Kale horietan kokatutako garajeetatik ere ezingo dituzte atera; ezta sartu ere.

Gainera, ostiral goizetik aurrera, herritarrek ezingo dituzte bizikletak Lege Zaharren Enparantzan utzi. Hain zuzen, 08:00etatik aurrera debekatuko dute bizikletak bertan aparkatzea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide