Espainiako txapeldunordeak dira ZKE eskubaloiko kadete mutilak

Onintza Lete Arrieta 2019ko eka. 2a, 14:06

Zarauztarrak, partida amaitu berritan, gaur Pontevedran

Azken segundora arte borrokatu dute Gran Camping Zarautzeko mutilek, baina 30-35 nagusitu dira Granollers taldekoak. Partida gogorra, eta azpimarratzekoa Mario Rodriguez atezain kataluniarraren lana.

Zarauztarrek ezin izan dute Espainiako Txapelketa irabazi gaur Pontevedran jokatutako kadeteen eskubaloi finalean. 30-35 irabazi diete partida Granollers taldeak, baina azkenera arte borrokatu dute zarauztarrek, eta zilarrezko dominarekin, harro itzultzeko moduan dira etxera.

Partidako jokalarietako bat izan da, dudarik gabe, Mario Rodriguez Granollers taldeko atezaina. Geldialdi mordoa egin ditu, eta ez die utzi zarauztarrei egin duten lan handia errematatzen. Gran Camping Zarautzeko mutilak markagailuan atzetik joan dira ia partida guztian zehar. Bost puntuko aldearekin aritu dira tarte askotan, baina gerturatu ere egin dira: 6-7 eta 28-31 egon dira, esaterako.

Tanto polit askoak ere egin dituzte zarauztarrek, erasoan esaterako. Eta Jon Etxeberria atezainak ere tanto ederra egin du, atetik atera jaurituta, beste atezaina aurreratuta zegoela ikusi ondoren.

Txalotzekoa izan da guztien lana, eta baita afizioaren jarrera ere. Asko animatu dute taldea.

Argazkiak: Zarauzko Eskubaloia

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide