Zarauzko Triatloia 2019

Errepide mozketak izango dira hurrengo asteburuan triatloiagatik

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 30a, 12:15

Hurrengo larunbat arratsaldean egingo dute triatloia Zarautzen, eta errepidea moztuko dute herriko hainbat gunetan.

Hurrengo larunbatean, ekainak 8, triatloia egingo dute Zarautzen, arratsaldean. Horren harira, errepidea moztuko dute herriko hainbat gunetan. Lehenengo mozketa San Inazio kalean eta Meagaseko errepidean izango da, bi norabideetan, 15:30etik 18:35era. Izan ere, ordu horretan, bizikleta probako lehen zirkuitua osatuko dute, Oikia eta Aizarnazabal inguruan.

17:00etatik 19:35era, aldiz, Nafarroa kale osoa itxiko dute. Hala, Mendilauta, Zumalakarregi, Zinkunegi, Lizardi, Etxepare, Axular, Lauaxeta, Orixe, Don Leandro, Mandabide, Aresti, Ixpilla eta Mollarri kaleetako egoiliarrek ere itxita izango dituzte sarrera errepideak, Nafarroa kaletik.

Gipuzkoa kalean izango da mozketa luzeena; 17:30etik 22:00etara, hain zuzen. Seitximeneta eta San Frantzisko kaleen artean eta Zinkunegi eta Nafarroa kaleko surtidorearen artean itxiko dute errepidea. Parte hartzaileek bizikletaren probako azken itzulia egingo dute denbora tarte horretan, eta oinezko lasterketa probarekin hasiko dira. 6,0 kilometroko ibilbidea osatuko dute Zarautzen bertan. Beraz, aipatutako kaleez gain, Zigordia kalea ere moztu egingo dute, 17:30etik 21:00etara.

Bestalde, triatloiaren antolatzaileek azaldu dutenez, ibilgailuak zehaztutako kaleetan aparkatuta dituzten herritarrek ezingo dituzte ibilgailuak bertatik mugitu triatloiak irauten duen bitartean. Kale horietan kokatutako garajeetatik ere ezingo dituzte ibilgailuak atera; ezta sartu ere.

Laburbilduz, ondorengoak izango dira hurrengo larunbatean egingo dituzten errepide mozketak:

  • 15:30-18:35. San Inazio kalea eta Meagaseko errepidea
  • 17:00-19:35. Nafarroa kalea. Mendilauta, Zumalakarregi, Zinkunegi, Lizardi, Etxepare, Axular, Lauaxeta, Orixe, Don Leandro, Mandabide, Aresti, Ixpilla eta Mollarri kaleetako sarrera errepideak, Nafarroa kaletik
  • 17:30-21:00. Zigordia kalea
  • 17:30-22:00. Gipuzkoa kalea, Seitximeneta eta San Frantzisko kaleen artean eta Zinkunegi eta Nafarroa kaleko surtidorearen artean

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide