Ekitaldi dotorea egin zuen atzo Zarauzko EAJ-k Lege Zaharren Enparantzan, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako beraien zerrenda aurkezteko. Xabier Txurruka egungo alkateak eta datorren agintaldirako alkategaiak hartu zuen hitza lehenengo, eta Joseba Egibarrek hitz egin zuen ondoren, Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakariak.
Txurrukak bukatzear den agintaldian egin dituztenak zerrendatu zituen agerraldian. Besteak beste, Lizardiko kirol zelai estaliaren garapena, Errotaberriko industrialdea, Olaa errekaren berreskurapena, Asti kirolgunearen berritzea, Turismo Bulego berria... Hori guztia "talde lanean" egin dutela azpimarratu zuen egungo alkateak. EAJ-k "pertsonak erdigunean" jartzen dituela, eta "partehartzean oinarritutako politika ereduari esker" Zarautzen "hobekuntza handiak" izan direla ere azaldu zuen. Eskerrak eman zizkien lau urte hauetan "bidelagun" izan dituen zinegotziei, eta segidan, hautets-zerrendako izenak esan zituen, hurrenez hurren: Miren Letamendia Belloso, Jesus Arana Gomez, Iratxe Zorrozua Egiazabal, Iban San Martin Hernandez, Leire Arana Olabarrieta, Ixidor Larrañaga Aierbe, Jon Andoni Urdangarin Urrutia, Iker Basurko De Migel, Irune Urbieta Alberdi, Koldobika Uribarri Zenekorta, Gorka Ostolaza Landa, Amaia Altube Galdos, Juan Antonio Uranga Manterola, Maria Begoña Aizpurua Salegi, Juan Maria Rafael Larrañaga Arruti, Ines Roca Pajuelo, Javier Zarraonandia Zuloaga, Miren Nekane Iribar Iriondo, Pedro Luis Bazako Atutxa eta Maria Isabel Albizu Barrenetxea.
EAJ-ren "kudeaketa gaitasun eta esperientzia" Zarautzen alde jartzeko prest daudela esan du Txurrukak, eta EAJ dela "herrigintzaren bermea eta motorra".
Programaren zutabeak
Apirilaren 26ko udal hauteskundeetako programan sartu dituzten proiektu nagusiak aipatu zituen segidan alkategiak: Errotaberri eta Abendañoko industraildeak garatzea, Kortazarren adinekoentzako egoitza berria eraikitzea, Aldapetan aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egokitutako guneak sortzea, Santa Klaran erabilera anitzeko areto kulturala sortzea, etxebizitzak sustatzen jarraitzea, tren eta autobus geltoki berriak egitea, Vista Alegreko irisgarritasuna hobetzea, besteak beste, igogailuak eraikiz...
Zarauztarrek apirilaren 26rako bi aukera dituztela esan zuen Txurrukak: "Ezker Abertzalearekin lau urteko atzerapausoa ematea, edo EAJ-rekin etorkizunari bide ematea". Apirilaren 28ko bozka kopurua "kalkatu" behar dutela esan zuen (5.000 bototik gora), eta txalotua izan zen "gora Euskadi askatuta!" ozenarekin burutu zuen hitzaldia.
Jarraian, Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakaria den Joseba Egibarri luzatu zion hitza Txurrukak, eta Egibarrek, 43 urte atzera eginez, azaldu zuen orduan bi ideia gailendu zirela Euskal Herrian. "Gurea eta ETA eta Ezker Abertzalearena". EAJ-ren hautua "bide politiko eta demokratikoak" erabiltzea izan zela azaldu zuen, eta urteak igarotakoan, egungo egoera ikusteak "zer pentsatua" ematen duela "Batzuek borroka politiko eta armatuan jarraitu zuten 2011ra arte, eta Ezker Abertzalearen hanka sartzeak irakurketa bat badu".
Zarautzen gehiengoak EAJ-ren bidearekin egin izan duela bat esan zuen, eta duela lau urtetik gaur arteko aldaketak "merezi izan duela". Bestalde, EH Bilduren posizioaz aritu zen Egibar. "Beren burua Ezker Abertzale gisa izendatzetik Ezker Independentista gisa izendatzera igaro dira". Horrek, aberritasunaren gatazka "atzean utzi dutela" adierazten duela iritzi zion Egibarrek. "Espainolizazio prozesuan da EH Bildu. "Mario Onandiak bere garaian "gora eusko gudariak" esaten zuen eta gero "gora espainiar langileria!" esatera igaro zen". Egun, EH Bildu ezkertiartzat jotzeko "burges asko" daudela ere azaldu zuen Egibarrek.
EAJ dela "benetako alderdi abertzale bakarra" eta "pertsonak dituztela ardatz" azaldu zuen. Burutzeko, EAJ-ri botoa ematera animatu zituen entzuleak: "guk nazio proiektua aurkezten dugu, eman bidea EAJ-ri, eman bidea Xabier Txurruka eta bere taldeari".