Eskuartean dauka Zarauzko udalak Vista Alegreko herritarrei irisgarritasuna bermatzeko azpiegituren ikerketa plana. Astelehenean aurkeztuko diete proiektua auzotarrei, eta beraiek proposatutako hobekuntzak eta iradokizunak entzuteko "prest" egongo direla azaldu du Xabier Txurruka alkateak.
Azken Portuko igogailua egin duen arkitekto talde bertsua aritu da Vista Alegreko irisgarritasun proiektua lantzen. "Ondorioztatu dute hemen badaudela auzo osoari irisgarritasuna bermatzeko aukerak, Aldapetako igogailuarekin soilik motz geratuko bailitzateke proiektua".
Ikerketak igogailu nagusi bat egitea proposatzen du, Txakolin plazatik hasita, altuera handienean dauden etxeetaraino. Igogailu horrek bost irteera ezberdin izango ditu, hainbat pasarelen bidez. Igogailura iristeko, Sarakatua plazara iristen den Aldapetako igogailutik oinezkoentzako bideak eraikiko lituzkete hainbat belardi zeharkatuz. Beste bi igogailu txiki ere aurreikusten dituzte, altuera zehatzei aurre egiteko. Aldapetako igogailuak irisgarritasuna 122 etxeri bermatzen diela azaldu du Txurrukak, eta auzoan guztira 365 etxebizitza daudenez, beharrezkoa dela proiektua gehiago lantzea, "herren gelditu ez dadin".
Hau guztia burutzea pare bat urteko prozesua izango litzatekela azaldu du alkateak, beraz, esku artean dutena datorren legealdian burutu beharreko proiektua izango litzateke. Alegia, hurrengo agintaldian dagokionak erabakiko du martxan jarri edo ez. "Uste dugu aurrerapausoak eta ikerketak zor dizkiogula auzoari, etorkizunean irisgarritasun osoa bermatu ahal izateko. Gure esku balego, igogailu hau bultzatuko genuke".