Kortazarren adinekoen egoitza eraiki nahi dute udalak eta aldundiak

Onintza Lete Arrieta 2019ko ots. 27a, 14:25

Xabier Txurruka alkatea, Markel Olano ahaldun nagusia eta Maite Peña diputatua, gaur eguerdian Kortazarren (Onintza Lete Arrieta)

Hitzarmena lantzen ari dira orain, eta martxoko udalbatzarrean bozkatu nahi du gaia udalak, partzela aldundiari uzteko. 2021erako zabaldu nahi dute, mendekotasuna duten pertsonentzat.

Gaur eguerdian Iñurritzan izan dira Markel Olano ahaldun nagusia, Xabier Txurruka alkatea eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua. Kortazar eremuan adinekoen egoitza egiteko akordioa lortu dute udalak eta aldundiak, eta hori jakinarazi dute, baita hainbat xehetasun eman ere. 

8.301 metro koadroko partzela da Kortazarrekoa, eta udalaren jabetzan dago egun. Horrek Gipuzkoako Foru Aldundiari utziko dio, hark mendekotasuna duten pertsonentzat egoitza eraiki dezan eta Urola Kostako gizarteari zerbitzu hori eskaini diezaion.

Txurrukak azaldu du hitzarmena lantzen ari direla, eta martxoko udalbatzarrean bozkatuko dutela gaiaz. Zehaztu du Plan Orokorrean aldaketa puntuala egin beharko dela partzela hori ekipamendu gisara jartzeko eta datorren agintaldian proiektua garatu ahal izateko.

Bestetik, eguneko zentroa egingo dute Aldapetan, desgaitasunak dituzten pertsonentzat. Hain zuzen, eraikitzen ari diren etxebizitza berrien beheko solairuan kokatuko dute zerbitzu hori, 20 lagunentzako. Horrez gain, babes ofizialeko etxebizitzetako batzuk eguneko zentro horretako erabiltzaileek erabili ahal izango dituzte.

Bai Txurruka, bai Olano, oso pozik agertu dira bi erakundeen arteko elkarlanarekin. Zarauzko alkateak esan du "albiste pozgarria" dela zarauztarrentzat, "Zarautzek bidea zabaltzen duelako adineko pertsonentzat eta bereziki menpekotasuna duten adinekoentzat egoitza duin eta moderno baterako". 

"Legealdian zehar landu dugu gai hau, eta zain geunden udalak noiz berreskuratu Kortazarreko partzela hau. Badakizue ibilbide luzea izan duela azken urteetan, eta gaur da eguna berreskuratu duela", esan du Txurrukak.

Bestade, "azpimarratzekoa eta eskertzekoa" iruditzen zaio "aldundia gizarte politikan egiten ari den lana".

Estrategia integral baten parte

"Gure helburua da 2021-2022an egoitza berria edukitzea Zarautzen. Zahartzen ari zaigun gizarte bat da gurea eta, horregatik, uste dugu estrategia integral bat behar duela Gipuzkoak", esan du Olanok.

Azpimarratu du behar berriei planifikazio egoki batekin egin behar zaiela aurre, eta azaldu du agintaldi honetan aldundiak hiru egoitza zabaldu dituela (Usurbilen, Pasaian eta Irunen). "Zarauzkoa da lanak aurreratzea hurrengo agintaldiari begira, proiektuak mahai gainean edukitzeko. Uste dugu ezinbestekoa dela planifikazioa, bestela bete-betean harrapatuko gaituelako gizartearen zahartze prozesuak".

Kortazarreko proiektuaz gain, Aldapetakoaz ere hitz egin du ahaldun nagusiak. Esan du "oso berritzailea" dela, eta desgaitasuna duten pertsonak artatzeko eta horiek "bizimodu duina" edukitzeko espazioa izango dutela.

"Bi proiektuak oso beharrezkoak eta funtsezkoak dira guretzat", nabarmendu du Olanok. "Gipuzkoa lurralde solidarioa da, eta ezin dugu inor bazterrean utzi. Inportantea da administrazio publikoak esfortzua aurrera ateratzea finantziazio egoki batekin eta inportantea da hirugarren sektoreko entitateek euren parte hartzea izatea zerbitzuan, eta elkarlan bat bultzatuko dugu".

Kontzeptu berriak

Bestalde, Olanok azpimarratu du aldatzen ari dela espazioak osatzeko modua eta ikuspegia, helburua delako pertsonak etxean bezala sentitzea. Horregatik, joera da espazioak modularragoak izatea, pasilloak gutxitzea eta espazio berdeak gehitzea. Kortazarren ere, espazio berdeek izango luketen garrantzia nabarmendu du alkateak.

Espazioaren berrantolaketa horrekin, gainera, pertsonaren autonomia gehiago bultzatzea da asmoa, eta artapena ere pertsonalizatuagoa izatea.

Azkenik, komunitatearen garrantzia azpimarratu dute Olanok eta Txurrukak. "Adinekoak isolatuta ez, komunitate barruan egotea da helburua, erlazio hori indartzea eta belaunaldien artean ere bai ". Kortazar horretarako oso egokia dela esan du Txurrukak, herrian daukan kokapenagatik: "Trena eta geltokia ondoan dauzka, aparteko paseoak ditu eta hondartza ere bi pausotara dago".

Egoitzetako grebei buruz

Olanok elkarlanaz esandakoaren haritik, HITZAk adineko egoitzetako langileak egiten ari diren grebei buruz galdetu du. Maite Peña diputatuak erantzun du: "Guretzat oso inportantea da hitzarmen sektorial bat edukitzea. Denok dakigun bezala, aldundiak ez dauka eskumenik hitzarmen hori negoziatzeko, baina bitarteko lana ari gara egiten, eta momentu honetan mahai gainean badago proposamen bat, eta sindikatuak hori ari dira aztertzen". Peñak azaldu du laster egongo dela erantzun bat.

Bestalde, aldundiaren ardura azpimarratu du: "Egoitzetan dauden pertsonen arreta bermatzea da gure ardura, eta horretan gaude. Nola ari garen egite? Bada, inspekzioak indartuz, arreta on bat bermatzeko. Guretzat garrantzitsuena pertsonak dira, horiek errespetatu behar ditugu, eta ez instrumentalizatu".

Zenbaki batzuk

Zenbait datu ere eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Urola Kostari dagokionez, esaterako, une hauetan 36 adineko daude zain egoitzaren batera joateko bizitzera. Zarautzen, 22 pertsona daude zain.

Gipuzkoan, berriz, guztira 764 pertsona daude tokirik gabe, zain.

Datu positibo gisara, ahaldun nagusiak esan du azken lau urteetan 361 pertsona gehiagorentzat tokia sortu duela aldundiak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide