Maiatzaren 8tik 12ra jokatuko da aurten Cabreiroa Pro Zarautz surf txapelketa. Astelehenean jakinaraziko dute parte hartzaileen zerrenda, baina aurrez kultur ekitaldien berri eman nahi izan dute.
Xehetasunak prentsaurrekoan eman dituzte aste honetan Maialen Saez Gipuzkoako Surf Federazioko presidenteak, Jokin Telleria Dantz Festibaleko zuzendariak eta Imanol Goñez Katapulta Tourreko zuzendariak. Karlos Argiñano sukaldaria ere eurekin izan da, eta esan du "harro" sentitzen dela Zarautzen gisa honetako egitasmoak antolatzen direlako.
Saezek eskerrak eman dizkie bai Argiñanori, bai beste hainbat erakunde eta enpresari, Pro Zarautz babesteagatik eta laguntzeagatik.
Pro Zarautzen balioak
Egitarauko puntu nagusiekin batera, Saezek nabarmendu du surf txapelketaren egun beretan egingo dela herrian Literaturia, eta bien artean elkarlana egongo dela jakinarazi du, "bi egitasmoek sustatzen dituztelako bertako artistak". Izan ere, FederArte Market azoka egingo da aurten ere Pro Zarautzen barruan, surfeko federatuek euren sormen lanak erakus ditzaten bertan.
Saezek azaldu du txapelketak berdintasuna, surf solidarioa, gizarte inklusioa eta ingurumenaren zaintza bultzatzen dituela, eta horiei lotutako ekitaldiak egongo direla esan du."Surf inklusiboko jardunaldi garrantzitsua antolatu dugu Axi Munianen eta Gaituz Sport-en eskutik, baita Yoga ikastaroak eta surf ikastaroak ere, Moor Surf Eskola eta Emakumea Surflarirekin".
Horrez gain, jakinarazi dute aurten Pukas-en kolaborazioa izango dutela. "Lehen Pro Zarautz antolatu zuen, eta surf munduan erreferente bat da. Hala, programazioan proiekzio bat emango da, Pukasek munduko bigarren surf taula onenaren aitortza jasotzearen ingurukoa".
Egitaraua
Ekitaldi guztien egun eta orduak ez dituzte jakinarazi prentsaurrekoan, baina sare sozialetan zabaldutako kartelean ikusgai daude. Hau da kartela:
Prentsaurrekoan, hori bai, ekitaldiak zein izango diren zehaztu dute. Esaterako, Pukasen proiekzioarekin batera, Axi Muniainen hitzaldia ere antolatu dute, XXL olatuei buruzkoa. Irudiekin osatuko dute hitzaldia.
Carver skate ikastaroak egongo direla eta BMX erakustaldia egongo dela ere jakinarazi dute.
Prentsaurrekoanehaztutakoak, berriz, hauek dira:
Maiatzak 7, asteartea
Surf Party. Parte-hartzaileei ongietorria egingo diete festa giroan Zarauzko Golfaren egoitzan. 19:30ean izango da, eta tokia mugatua denez, 100 sarrera jarri dituzte salgai Turismo Bulegoan, bertaratu nahi duten herritarrentzat.
Maiatzak 8-12
Surf txapelketa hondartzan
Maiatzak 10, ostirala
- 19:00-00:00: Dantz Festibala: Max Abysmal (Safe Trip) eta Mario Azurza. Skate parkean.
- 00:30-04:00: After Party: Bederen tabernan, Frances B eta Araña; Beraetxen, Anwolt eta Xiarroman (Bermuda); eta Marmolen, Rubio eta Elektropeña.
Maiatzak 11, larunbata
- 13:00etan hondartza garbituko dute auzolanean.
- Kontzertuak, 20:00etatik aurrera: Silence (federatuen artean aukeratutako taldea), Lemy River (Katapulta Tour-eko taldea) eta Sunset Sons.
Maiatzak 12, igandea
- Herri kirolak
- Txotxeko sagardoa, doan, Izetaren eskutik
- Skate txapelketa
- 16:30ean: Pro Zarautz txapelketako sari banaketa.
Aurtengo sari banaketa berezia izango dela aurreratu du Saezek, "irabazleek zuhaitz bana jasoko dutelako opari, landatu dezaten eta, hartara, denborarekin Txapeldunen Basoa osatu dadin. Izan ere, Cabreiroa oso inplikatuta dago ingurumenaren alde".