Cabreiroá Pro Zarautz, Basque Country, presented by Oakley izenpean, maiatzaren 8tik 12ra jokatuko dute aurtengoan World Surf Leagueko Qualifying Seriesen zirkuituko Zarauzko proba.
Azken urteetan Pazko Astean antolatu izan badute ere, Japonian zirkuitu bereko beste proba bat jokatzekotan zirela eta, aurtengoan maiatzean egingo dute Zarauzko surf txapelketa. Real Golf Club-en Prentsaren aurrean egindako agerraldian txapelketaren arduradunek azaldu dute aurtengo txapelketak "kultura, kirola eta tradizioa" uztartuko dituela hainbat egitasmo desberdinen bidez. Agerraldian azalpenak ematen izan dira Xabier Txurruka alkatea, Maialen Saez Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakaria, Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria, Almudena Otaola Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika saileko gabineteko burua, Jokin Telleria Dantz-eko zuzendaria eta Gema Gonzalez Lady Management-eko ordezkaria.
Xabier Txurruka alkateak garbi dauka Pro Zarautz "surfa baino gehiago" dela, eta zorte ona eta olatu onak opa dizkie antolatzaileei. Cruzadok ere antolakuntza zoriondu du txapelketaren edukiagatik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak duen konpromisoa berretsi du "gastronomia, kultura eta kirola batzen dituen txapelketa honentzat". Bestalde, Otaolak Euskal Herriko Surf Federazioak surflari gazteekin egiten duen oinarrizko lanaren garrantzia azpimarratu du eta Eusko Jaurlaritzatik "nazioarteko zein bertako surfaren erakusleiho bikaina den Pro Zarautz" babesten jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Argiñanotik Berazara
Aurtengo txapelketaren berrikuntzarik esanguratsuena izango duen kokapen berria da. Lehen Argiñano jatetxearen aurrean jartzen zuten txapelketako gunea, eta aurtengoan, Berazan jarriko dute, txapelketa "hazten eta indarra hartzen" ari dela eta. Gaueko kontzertuetarako eszenatokia, berriz, Desertu Txikian jarriko dute.
Hain zuzen ere, surflariek beren lanak amaitzean, musika izango da guneko protagonista; Australiako musika talde bat izango da kartel buru: Sunset Sons. Lady Management-eko Gema Gonzalezek azaldu duenez, "ez da erraza izan" talde hau Zarautzera ekartzea, Europan egiten ari diren biran ez baitzuten aurreikusita Iberiar Penintsulan kontzerturik eskaintzea.
Jaialdiaren beste puntu "indartsu" bat Dantz Festibala izango da. Lehen aldiz, Donostiatik kanpo egingo dute jaialdia, izan ere, duela gutxi jaialdi berritzaile onenaren sarirako izendatu zituzten, eta "bertako talentuari bultzada ematea" dute helburu, Jokin Telleriak azaldu duenez. Dantz Festibalaren eskutik, eguzkia irteten denetik sartzen denera arte musika elektronikoa entzuteko aukera izango da txapelketaren gunean. "Kirolaren eta kulturaren fusioaren ikur gisa, Festibala gure eszenatoki gogokoenetako batean izango da: skate park-ean". Telleriak esan duenez, "musika elektronikoaren inguruko klixeak eta aurreiritziak kentzea" da beren helburuetako bat.
Bestalde, Lemy River eta Silence musika taldeek ere emango dute kontzertua, FederArte festibalaren babesle nagusia den Katapulta Tour Gipuzkoak antolatuta. "FederArte Surfing Kultura sortu zenetik, gure surflarien nortasuna indartzea bilatzen du, kiroletik at, bizitza estilo bat sendotuz. Modu honetan, federatuei gehigarri bat eskaini nahi zaie, gure surfeko komunitatean dauden talentu berriak ezagutuz eta bultzatuz".
Hondartza txukun mantentzeko eskaera
Kontzertu gunearen inguruan, antolatzaileek eskatu dute "hondartza errespetatzeko eta erantzukizunarekin jokatzeko". "Berdintasunaren zein inklusioaren balioak modu ludikoan transmititzen ditugu eta federazioaren beste balio bat ingurugiroaren zainketa izanik, jendeari hondartza zaintzeko eskatu nahi diogu". Horretarako, zaborra botatzeko eremu zehatzak jarriko dituztela azaldu du Saezek.
Datozen asteetan txapelketaren inguruko informazio zehatzagoa emango dutela aurreratu dute antolatzaileek. Besteak beste, izena eman duten surflarien izenak eta itsaso eta eguraldiaren iragarpenak.