Borrokan jarraitzen dute adineko egoitzetako langileek. Bai ELAk, bai LABek, grebara deitu dtute. LABek atzo hasi zituen protestak, eta larunbatera arte jarraituko dute. Bihar, Maiatzak 1, ez dute greba egingo, eta Iruñera joatera deitu dute, han ospatuko baitu langileen eguna sindikatu horrek.
09:30ean elkartu dira 12 auto inguru Orion, autobide azpiko aparkalekuan, eta handik abiatu dira herriz herri eskualdea zeharkatzera. Eguerdiko 12:00etan, Azpeitian egingo dute elkarretaratzea, eta horrekin amaituko dituzte gaurko protestak.
LABeko ordezkariak HITZAri azaldu dio langileak nekatuta daudela eta ez direla ari asko ateratzen grebara. Horregatik, ikusi egin behar dute hemendik aurrera zer estrategia landu. "Gu beti egon gara mahai negoziatzailean parte hartzearen alde, eta une honetan han gauden euskal sindikatu bakarra gara, gehiengoa eduki ez arren. Langileen ordezkariak garenez, uste dugu gure ardura dela han egotea, han erabakitzen direlako gauzak, kalean protestak egin arren".
"Gauez bi langile gaude 109 adineko zaintzeko"
Zumaiako Otezuri adinekoen egoitzako langilea da Sergio Gartzia zestoarra. Gaueko auxiliar gisa egiten du lan, eta HITZAri azaldu dio garrantzitsuena dela ratioak handitzea. "Soldata handitzea baino garrantzitsuagoa iruditzen zaigu langile gehiago egotea adinekoak zaintzeko, hala gure zerbitzua hobeto emateko. Goizetan, adibidez, langile bakoitzak 7-8 pertsona atera behar ditu ohetik eta janzten lagundu, garbitu, gosaltzera eraman… Gehiegizkoa da. Senitartekoek ikusten dute egoera hori".
Gauez egiten du lan Gartziak, eta egoera ez da hobea gau partean. "Gauekoak beti gabiltza gutxieneko zerbitzuetan, bi langile bakarrik gaudelako 109 pertsona atenditzeko. Ez daukagu ez erizainik, ez medikurik; geu gara dena batera".
Irtenbidea, urrun
Irtenbidea ez du gertu ikusten Gartziak. "Aldundia mugitzen ez bada, zaila izango da gure aldarrikapenak lortzea. Gainera, hauteskundeak datoz, eta horrek dena atzeratuko du. Nire ustez, uda pasako da, zoritxarrez, ezer konpontzerako". Gartziaren ustez kate bat da dena, eta denek dute beren partea arazoan nahiz soluzioan: enpresak, alderdi politikoak, aldundiak eta Jaurlaritza aipatu ditu, baina baita gizartea ere. "Borroka honek ez luke izan behar senideena edo langileena bakarrik, gizarte osoarena baizik".
Aurtengo Maiatzaren 1a berezia da Gartziarentzat eta sektoreko langileentzat, borrokan ari direlako. Dena den, zestoarrak azpimarratu du beraiek beti daudela borrokan, lan hitzarmen bat lortzerako, atzeratuta gelditzen delako eta hurrengoa negoziatzeko ordua iristen delako.