Udalak bere jarduna "oztopatu eta isilarazi" nahi duela salatu du Gerizak

Zarauzko Hitza 2019ko martxoaren 27a

Martxoaren 16an Ertzaintzak bi pertsona identifikatu zituen Neguetxearen irekieraren aldeko mobilizazioan. "Udalak oztopo gehiago jarri nahi izan dizkigu ordundik". Ostiralean janari bilketa egin ahal izateko baimena eskatu zutenean, ukatu egin zietela azaldu dute Gerizako kideek. Neguetxea irekitzeko Udalari egindako eskaera formalaren harira, oraindik ez dutela erantzunik jaso adierazi dute.

Geriza Neguetxearen irekieraren aldeko herri ekimenak "joan den astean jazotako gertakariak" salatu ditu. Gerizako kideek azaldu dutenez, martxoaren 16an mobilizazioa deitu zuten, Neguetxea irekiko dugu lemapean: "mobilizazioa poliziaren bidez oztopatu" eta "bertan zeuden kideen aurkako neurriak hartu zituen Zarauzko Udalak". Egun horretan, udaletxe aurreko elkarretaratzean zegoen kide bat eta kazetari bat identifikatu zituen Ertzaintzak.

"Udalak oztopo gehiago jarri nahi izan dizkigu ordundik, gure jarduna zailtzeko eta isilarazteko asmoz", gehitu dute. Gerizak janari bilketa antolatu zuen pasa den ostiralerako, martxoak 22, Lege Zaharren enparantzan: "Martxoaren 16an baimen falta zela eta mehatxatu gintuzten Mozal Legea aplikatzearekin. Baina martxoaren 22ko janari bilketarako baimena eskatu genuenean, ukatu egin ziguten. Azken ordura arte ez ziguten ziurtatu ekintza egiteko arazorik ez genuela izango", azaldu dute plataformako kideek. Bildutako elikagaiak "gaua kalean pasatzen ari diren pertsonei" bideratzea da beren asmoa.

Zarauzko Udalaren eta zehazki Gizarte Zerbitzuen saileko arduradunen jarrera salatu dute Gerizako kideek. Izan ere, adierazi dutenez, Neguetxearen itxieraren harira eta "egoerak larrituta" zenbait herritar elkartzen hasi zirenean, Udalarekin harremanetan jartzen saiatu ziren, "Neguetxea irekitzeko eskaera formal baten bidez". "Oraindik ez dugu erantzunik jaso".

"Gloria Vazquez Gizarte Zerbitzuen saileko arduradunak behin eta berriz errepikatu dezake urte osoko zerbitzua emango duen aterpe bat nahi duela, baina beste alternatibarik eskaini gabe, etxegabeen etxegabetzea defendatzen duen norbaitek gutxi du gizarte zerbitzuen arduradunetik", gaineratu dute. "Guk aurrera jarraituko dugu, Neguetxea ireki arte".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide